Azkoitiko Floreaga auzoa bere festa eguna ospatzen ari da ostegun honetan eta, eguraldia lagun, urteroko Gurutzetxoko krosa egin dute goizean. 255 haur eta gaztetxok parte hartu dute lasterketan, antolatzaileek jakinarazi dutenez, eta askoz gehiago aritu dira korrikalariei animatzen.
Txikienak izan dira korrika egiten lehenengoak, 11:00etan, eta atzetik atera dira gainontzeko adin taldeak, 13:00ak aldera emakume helduen saioarekin amaitu arte.
Bazkalondoan jarraituko dute egitarauarekin. 15:00etan puzgarriak eta apar festa antolatu dituzte, eta buruhandien irteerarekin borobilduko dute jai eguna, 18:00etatik aurrera.