Babestutako etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko hitzarmena luzatzea erabaki du udalbatzarrak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 1a, 12:37

Babestutako etxebizitza publikoen sustapena ahalbidetzeko lankidetza hitzarmena luzatzearen alde bozkatu zuten EAJko eta PSE-EEko zinegotziek, abstentziora jo zuen EH Bilduk, eta aurkako botoa eman zuten Azkoitia Bai herri plataformako zinegotziek. Halaber, ekintzaileentzat lokalak alokairuan hartzea eskuragarriagoa izatea ahalbidetu du udalbatzarrak

Azkoitiko Udalak apirileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udal bilkura areto nagusian. Guztira, bederatzi puntuko eguneko zerrenda izan zuten eztabaidarako, eta hain justu, aurrenekoak sortu zuen desadostasun gehien. Babestutako etxebizitza publikoen sustapena ahalbidetzeko, udalak, Azkoitia Lantzenek eta Jaurlaritzak 2021ean lankidetza hitzarmena sinatu zuten, eta hura luzatu edo ez erabaki behar izan zuten lau udal taldeek. Akordioa luzatzearen alde egin zuten EAJko nahiz PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Azkoitia Bai herri plataformaren ezezkoarekin.

Ana Azkoitia herriko alkateak azaldu zuen duela lau urte egindako akordio hori hil honen amaieran iraungitzen zela. Hain justu, akordio horren barruan, udalak eta Azkoitia Lantzenek Txalonerrekako lursail batzuk saldu zizkioten Jaurlaritzari 2021ean, bertan alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzearen truke. "Etxebizitza horiek oraindik eraiki gabe daudenez, Jaurlaritzak beste lau urterako akordioa egiteko proposamena egin digu", esan zuen.

EH Bilduk abstentziora jo zuen, "Azkoitia Lantzenen inguruan jarraitutako politika" aintzat hartuta. Asier Altuna koalizio subiranistako bozeramaileak eman zituen arrazoiak. "2021ean egindako hitzarmenaren luzapena egitera bagoaz, horrek esan nahi du akordioa ez dela bete. Etxebizitza libreen aldeko politikak sustatu dira, eta berandu dator babes ofizialeko etxebizitzena. Dena den, etxebizitza kopuru handia da, eta espero dugu gauzatuko dela", esan zuen hark.

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai herri plataformako bozeramaileak, bestalde, ezezko botoa iragarri zuen hasiera-hasieratik, 2020an bozkatu zutenean egin bezala jokatuz. Udalak aurrekontuetako inbertsioetarako diru gehien "Azkoitia Lantzeni lotutako kontuetan" erabiltzen dituela salatu zuen hark. "Ez dugu uste 2008an hartutako erabakiak egungo Azkoitiaren hiri antolakuntzarako egokienak direnik", esan zuen hark. Dena den, Azkoitia Lantzenekin loturarik ez duten proiektuetarako inbertsioak egiteko herri plataformak "prestutasuna" duela adierazi zion Etxanizek udal gobernuari. PSE-EEko Janire Igoak, berriz, akordioa luzatzeak "etxebizitza duinak lortzeko erakundeen konpromisoa indartu" egiten duela azaldu zuen.

Ekintzaileentzat lokalak eskuragarriago

Bestalde, ekintzaileek merkataritza lokalak alokairuan hartzea eskuragarriago izatea onartu zuen udalbatzarrak aho batez. Horretarako, 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoa egokitzea onartu zuten aurrena udal taldeek. Herri osoko lokalak berraktibatzeko, diru laguntza lerro bat zabaldu zuen udalak duela urte batzuk, baina, orain, lerro horretan aldaketa bat txertatuko dute. 

Ekintzaileek beste zenbait erakunderen diru laguntzak jasotzeko aukera dute proiektu bat martxan jartzeko, baina Azkoitiko Udalak lokal bat alokairuan hartzeagatik ekintzaile bati ematen dion laguntza ez zen bateragarria beste erakundeekin, eta hori aldatzea onartu zuten, hain justu, atzo. Alkateak eman zituen aldaketari buruzko azalpenak: "Erakundeen arteko diru laguntza batzuekin bazegoen halako talka bat. Gaur egun ez da erraza negozio berriak martxan jartzea, eta aldaketa hau eginda, ekintzaileei lagundu ahal izateko gure aletxoa jarriko dugu".

Altunak adierazi zuen EH Bildun "kezka handia" eragiten duen gaia dela ekintzailetzarena. "Herri barruko aktibitate sozioekonomikoa sustatzea ezinbestekoa da, bai ekonomia zirkularra sustatzeko, bai herria bera garatzeko. Nahiz eta laguntza xumea izan, urrats bat da", adierazi zuen hark. Azkoitia Baiko Etxanizek ekintzailetza sustatzea "nahikoa konplikatua" dela nabarmendu zuen, eta aldaketak beste laguntza batzuentzat "aterik ez ixtea" ekarriko duela iritzita, alde egin zuten herri plataformakoek. Igoak ere hutsik dauden lokalen "okupazioa sustatu" nahi dutela adierazi zuen, "tokiko ekintzailetza bultzatuz eta merkataritza sarea biziberrituz".

Kontu-hartzailetzarekin gorabeherak

Udalbatzarraren azken puntuetan kontu-hartzailetzarekin izandako gorabeheren inguruan aritu ziren. Udalak 2025eko udal aurrekontua onartu zuenean eta hura Gipuzkoako Foru Aldundira igorri zenean, aldundiak ohar bidez jakinarazi zion udalari aurrekontuaren onarpena atzera bota zuela. Udalak udal aurrekontua onartzen duen aldi berean onartzen ditu Azkoitia Lantzenen eta Elkargunearen kontuak, eta behin hori eginda, hiru aurrekontuak bateratuta onartzea bozkatzen dute.

Onartu eta gero, aurrekontuaren dokumentazioarekin batera igortzen du udalak aldundira kontu-hartzailetzak egin ohi duen txostena, eta bertan zehazten dute udal aurrekontuak arau fiskalak betetzen dituen edo ez. Aurrekontuaren egonkortasuna, finantza iraunkortasuna eta gastu araua betetzen al dituen kalkulatzen dute prozesu horretan.

Baina, alkateak jakinarazi zuen udalak ez zuela kontuan hartu 2025eko aurrekontuen txostenean Azkoitia Lantzenen aurrekontu propioa. Haren arabera, Espainiako Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak (IGAE) administrazio publikoaren izaera eman dio Azkoitia Lantzeni 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, nahiz eta sozietate anonimo bat izan. "Administrazio izaera eman dionez, arau fiskalak begiratzerako orduan bere aurrekontua ere kontuan hartu behar da txostenean", esan zuen alkateak. Hori hala, udalak aurtengo udal aurrekontuaren txostena aldatu behar izan du Azkoitia Lantzenen aurrekontua kontuan hartu eta haren arau fiskalak kalkula ditzaten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide