Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gazteak programaren barruan, Bizitzarako trebetasunak izeneko doako ikastaroa eskainiko dute maiatzaren 20an, asteartez, Elkarguneko Oteiza aretoan. Ekintzailetzan eta psikologian espezializatua den Eukene Gontanek gidatuko du saio, eta besteak beste, 17 eta 24 urte bitarteko gazteak bizitzarako eta etorkizunerako beharrezkoak diren tresna praktikoez hornitzea izango du hark helburu. Horretarako, gazteen gaitasunak eta garapen prozesuak sustatzen saiatuko da Gontan.
18:00etatik 21:00etara bitartean eskainiko dute tailerra Elkargunean. Eduki ezberdinak landu eta partekatuko dituzte gazteek, hala nola lan-munduan sartzeko gaitasunak eta baliabideak aztertuko dituzte, ekimen ekintzailea eta barne-ekintzailetzarako motibazioa pizteko edukiak landuko dituzte, eta emantzipaziorako lagungarriak diren baliabide nagusiak zein diren ezagutuko dute.
Oinarrizko saioa izanik, teoriak "pisu handiagoa" izango duela iragarri du aldundiak. Dena den, edukien azalpena eta gazteen parte-hartzea tartekatuko dituzte, eta dinamika ezberdinak jarriko dituzte martxan "gazteen motibazioa pizteko".
Tailerra maiatzaren 20an den arren, saioan parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute gazteek, besteak beste, izen-abizenak, generoa, jaiotza-data, herria, ikasketak, helbide elektronikoa eta telefono zenbaki bat zehaztuz.