Olatz Zugasti kantariak bere azken diskoa aurkeztuko du zapatuan, Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko api. 29a, 10:31

Olatz Zugasti kantaria harpa jotzen. (Olatz Zugasti)

Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965) kontzertua eskainiko du zapatuan Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Bere ibilbideko, eta bereziki, Hitzño bat erran eta, banua berhala... bere azken diskoko abestiak eskainiko ditu Azkoitian. Sarrerak salgai daude Entradium atarian.

Olatz Zugasti kantariak Hitzño bat erran eta, banua berhala… diskoa aurkeztuko du zapatuan, 19:00etan, Baztartxo antzokian. Orion bizi den abeslari eta harpa jotzaile hernaniarrak 2023an kaleratu zuen bere zazpigarren eta azken lana. Azken disko horretako doinuak, eta, oro har, bere ibilbideko beste hainbat abesti eskainiko ditu Zugastik Azkoitian.

Iaz, Benito Lertxundiren Gernika kontzertuan diskoaren produkzio lanetan ibili zen Zugasti, eta orain, bere taldearekin ari da bira osatzen. Bere berezko bideari jarraituz, hainbat estilotatik datozen doinuz, erritmoz eta soinuz osatzen den musikarekin eta hitzekin, besteak beste, gizartearen itzalez, irudipenez edo gezurrez haratago begiratzen saiatuko da kantaria Baztartxon.

Lertxundiren diskoetan eta haren zuzeneko emanaldietan abeslari nahiz harpa jotzaile gisa ere aritu izan da Orion bizi den abeslari hernaniarra, baina bakarkako ibilbide luzea egin du. 1991n kaleratu zuen Kantu baten bila nabil diskoa popa eta musika zelta uztartuta, eta ordutik 2023ra bitartean beste bost lan argitaratu ditu: Bulun bulunka, Elearen lainoa, Gau hotzenean ere, Ur goiena, ur barrena eta Orio zuzenean.

Zapatuko kontzerturako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 10 euroan. Dena den, Gukak Azkoitiko Kultura sailaren eskutik jasotako bi sarrera bikoitz ditu bazkideen artean zozkatzeko. Gukako bazkide direnek honako lotura honetan eman dezakete zozketarako izena. 

Azken diskoa kaleratu berritan, Gukak iazko urtarrilean egin zion elkarrizketa Zugastiri, Orion eskaini behar zuen kontzertua aitzakia hartuta. Orduan adierazi zuen hark publikoa zuzenekoetan bera deskubritzen ari dela sentitzen zuela. Honako lotura honetan irakur daiteke elkarrizketa

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide