Azkoitiko Udalak apirileko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udal bilkura areto nagusian. 18:00etan hasiko dute hil honetako batzarra lau udal taldeek, eta guztira, bederatzi puntuko gai-zerrenda izango dute eztabaidatzeko.
Eguneko lehen puntuan, udalak, Azkoitia Lantzenek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Azkoitian babestutako etxebizitza publikoen sustapena ahalbidetzeko lankidetza hitzarmena luzatu edo ez erabaki beharko dute EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Baiko eta PSE-EEko zinegotziek.
Era berean, herriko merkataritza lokalak berreskuratzeko programaren oinarri arautzaileak aldatzea eta erakundearen diru laguntzen plan estrategikori egin beharreko aldaketa izango dute hizpide lau udal taldeek. Kontu-hartzailearen txostenen berri ere emango dute bihar.
Ohi bezala, Gukak zuzenean emango du Azkoitiko Udalak bihar egingo duen udalbatzarra, udalaren Youtubeko kanalari esker. Era berean, hurrengo egunean ikusgai jarriko du udalbatzarraren bideoa oso-osorik.
Hona hemen biharko udalbatzarraren gai zerrenda:
- Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lantzen SAk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmenaren luzapena, Azkoitiko udalerrian babes publikoko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko.
- Azkoitiko Udalaren 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoa 2025 ekitaldiko bigarren aldaketa.
- Azkoitiko hiri lurreko merkataritza lokalak berreskuratzeko programaren oinarri arautzaileen aldaketa.
- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: Azkoitia Lantzen S.A. sozietatearen Administrazio Publiko izaeraren ondorioak, 2025/01/01etik aurrera, Ogasun Ministeritzaren Tokiko Sektore Publikoko erakundeen inbentarioan.
- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025eko hasierako aurrekontuaren txostenaren aldaketa. Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa.
- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: kreditu gehigarria 1/2025 espedientearen irizpenaren aldaketa: Aurrekontu Egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.