Eman daiteke izena Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara antolatu duen irteerarako

Andoni Elduaien 2025ko api. 28a, 09:02

Castillo de Acher mendia. (Wikipedia)

Herriko mendi taldeak gaur zabaldu du izen-ematea. Martxoan bertan behera utzi zuen taldeak irteera eguraldiagatik, eta orduan egin beharreko ibilaldiak gauzatuko dituzte datorren hilaren 17an eta 18an.

Anaitasuna mendi bazkunak gaur, astelehena, zabaldu du maiatzean Pirinioetara egingo duten irteerarako izena emateko epea. Joan zen hilean egitekoa ziren mendi irteera eguraldiaren ondorioz utzi zuten bertan behera, eta maiatzaren 17-18 asteburuan egingo dute orain. Gaurtik maiatzaren 9ra bitartean eman ahalko da izena ETK informatika dendak Ibaiondo kalean duen egoitzan.

Maiatzaren 17an, zapatua, Castillo de Acher (2.364 metro) mendira igoko dira 13 kilometro eginez, eta hurrengo egunean, igandez, 14 kilometroko beste ibilaldi bat egingo dute Agüerri (2.249 metro) tontorrera. Irteeran parte hartzeko, beharrezkoa da mendian federatuta egotea. Prezioari dagokionez, bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek, 70 euro; hain zuzen, prezio horren barruan sartuko dira autoan egingo duten joan-etorria, ostatua eta gosaria.

Irteeraren inguruko zalantzak argitzea edota informazio gehiago nahi dutenek, anaitasunamb@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide