Etxean izan arte leloa zuen pankartaren atzean elkartu ziren hainbat herritar atzo arratsaldean herriko plazan, Sare Herritarraren presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko hileko azken ostiraleko deialdiarekin bat eginez.
Apirileko hitzordua "urteak orain arte emandakoak aztertu" eta aurrean diten "erronkei begira jartzeko". baliatu du Sare Herritarrak. Urteko lehen hilabeteetan presoen aferan argi-ilunak izan direla nabarmendu nahi izan du Sare Herritarrak. Balantzaren alde onean jarri du gaur egun "ia presoen erdiak erregimen irekian" ari direla beren zigorrak betetzen, "egunero kalea zapaltzen". Sareren esanetan, "orain urte batzuk pentsaezina zen eszenatoki batean gaude egun euskal presoen auziari dagokionez, eta hori, euskal gizarte zabalaren babes eta bultzadarik gabe gauzaezina litzateke".
Baina Sare Herritarrak "inondik espero ez" zituen berriak ere ekarri ditu 2025ak, "orain bi urte Auzitegi Nazionaeko fiskalak ohiko zituen jokabideak gogora ekarri" dizkionak. Xabier Zabaloren eta Josu Narvaezen gradu erregresioak ekarri ditu gogora, hain zuzen ere, Sare Herritarrak: "Jarrera hauek euskal presoen etxerako bidea oztopatu besterik ez dute egiten eta, beraz, gatazkak utzitako ondorioen konponbidea luzatu eta herri honek etorkizunera begira jartzeko duen beharra eta elkarbizitza agertokiak oztopatzen dituzte".
'Puzzlea osatu arte!'
Presoen etxerako bidea aldarrikatzeko, hain zuzen, jarri du martxan Sare Herritarrak Puzzlea osatu arte!, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak eta haien herriak ardatz izango dituen egitasmoa. Maiatzaren 17an eta 18an gauzatuko dute, Euskal Herriko 29 herritan.
"Euskal presoek beraien zigorrak erregimen irekian betetzeko duten eskubidea eta beharra aldarrikatuko ditugu. Oraindik beraien zigorrak etxean betetzeko falta diren 58 preso horiek, zigorrak etxean bete ditzaten eskatuko dugu Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den egitasmoan", azaldu du Sare Herritarrak.