Azkoitiak badu eskuzko Herriartekorako taldea

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 23a, 15:08

2025eko eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan ariko diren Azkoitiko pilotariak, atzo, Gurean. (Mailo Oiarzabal)

Maiatzaren 4an ekingo diote lehiari, Aretxabaletan. Aurretik, ordea, ez dute hitzordurik faltako Oteiza elkarteko pilotariek: etzi, CMO ligako final zortzirenak jokatuko dituzte Gurean, eta bihartik igandera hainbat hitzordu izango dituzte Gipuzkoako Txapelketaren barruan.

Azkoitiak badu taldea eskuzko Gipuzkoako Herriartekorako. Oteiza pilota elkarteak atzo arratsaldean elkartu zituen Gurea pilotalekuan aurtengo txapelketan lehiatzeko aukeratu dituen hamasei pilotariak, taldeko argazkia ateratzeko.

Hauek dira, hain zuzen ere, 2025eko Gipuzkoako Herriartekoan Azkoitia ordezkatuko duten pilotariak:

  • Kadeteak: Julen Etxaniz eta Urtzi Segurola.
  • Jubenilak: Jon Arregi, Imanol Bastida, Joritz Azkoitia eta Asier Uranga.
  • Nagusiak: Jon Juaristi, Jon Oteiza, Aitor Oteiza, Mikel Aranbarri, Inhar Egaña, Alex Juaristi, Alejandro Juaristi, Jon Etxaniz, Aitor Azkoitia eta Iñaki Azkoitia.

Maiatzaren 4an ekingo dio lehiari Azkoitiak, Aretxabaletan, final zortzirenetako kanporaketaren joanekoarekin.

CMO liga eta Gipuzkoako Txapelketa

Herriartekoari ekin aurretik beste hainbat lehia izango dituzte, ordea, Oteizako pilotariek.

Horien artean daude Berria Txapelketa ordezkatuz aurten lehen aldiz jokatzen ari diren CMO esku pilotako kluben ligaren final zortzirenak. Ostiralean, 19:00etan hasita, Oteizako pilotariek Barañaingo (Nafarroa) Lagunak klubekoekin neurtuko dituzte indarrak etxean, Gurean; etzi irabazten duen taldea final laurdenetarako sailkatuko da, eta bestea lehiaketatik kanpo geldituko da.

Binakako txapelketa da kluben arteko liga berria, eta hainbat berezitasun ditu, horietatik nagusiena, joko moldeari dagokiona. Izan ere, set edo jokotan banatuta jokatzen dituzte partidak: bi set jokatuko dituzte hamar tantora, eta bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, bost tantora izango den hirugarren joko batekin erabakiko dute partidaren irabazlea. Hego Euskal Herriko hamasei klub ari dira parte hartzen txapelketa berrian.

Bestetik, Gipuzkoako Txapelketaren barruan bederatzi partida jokatuko dituzte Oteizako pilotariek, eskuz zein gomazko paletaz. Horietako hiru jokatuko dituzte Gurean, hirurak eskuz banaka eta lau eta erdiaren barruan, zapatu goizean (10:00). Hiru hauek, hain zuzen:

  • Jubenilen bigare maila: Uranga vs Izagirre (Ataun).
  • Nagusien bigarren maila: Egaña vs Agirre (Beloki).
  • Nagusien lehen maila: Aitor Oteiza vs Usabiaga (Murumendi).

Hona hemen, Gipuzkoako Txapelketaren aste honetan jardunaldian Oteizakoek jokatuko dituzten partida guztien koadroa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide