Oletan ere Ez! taldeak eta Anaitasuna mendi bazkunak bat egin dute Sañoa Egunarekin

Ane Olaizola 2025ko api. 11a, 10:37

Sañu eguna, artxiboko irudi batean. (Ihintza Elustondo)

Eskualdeko hainbat taldek antolatuta, Sañoan elkartuko dira hilaren 27an,eta Piaspe proiektu eolikoaren berri emateaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte goizetik hasita. Ibilaldiak ere egingo dute Sañoara, tartean Azkoititik.

Mendietan zentral eolikoak jartzearen aurka dauden eskualdeko zenbait taldek Sañoa Eguna antolatu dute hirugarrenez hilaren 27rako: Sañu Bizirikek, Lagun Onak mendi bazkunak, Errezil Bizirikek, Anaitasuna mendi bazkunak, OIetan ere ez! taldeak, Txilarramendi auzo elkarteak, Agiro mendi klubak eta Sokaitz eskalada taldeak. 

Beste urte batez, Sañoan elkartuko dira herritarrak, eta han Piaspe proiektu eolikoaren berri emateaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte: besteak beste, auzotarrek salda eta pintxoak banatuko dituzte goizean zehar, kamisetak saldu eta umeentzako jolasak prestatuko dituzte, eta trikitilariek girotuko dute eguna.

Ohi bezala, Sañoara ibilaldia egingo dute egun horretan, eta lau puntutik hasiko dute bidea, tartean, Azkoititik. Anaitasuna mendi bazkunakoekin egingo dute ibilaldia, eta horretarako autobusa hartuko dute lehenik, 08:30ean, liburutegi ondotik.

Errezildik, berriz, 08:00etan abiatuko dira, Errezil Bizirik taldeko kideekin batera; Zestoan, Gurutzean jarri dute hitzordua 09:00etan, eta hango Agiroko kideekin egingo dute ibilaldia; azkenik, Azpeitian 09:00etan abiatuko dira, plazatik, Lagun Onakoek lagunduta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide