Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak

Ane Olaizola 2025ko api. 10a, 14:43

Aitorpena egiteko Ogasunaren Azpeitiko bulegoa. (Guka)

Udalaren esanetan, "pixkanaka" gora doa errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua, baina errealitate sozilinguistikoak erakusten dituen datuetatik "urrun" dago oraindik; Azkoitian %35ek egin zuten iaz errenta aitorpena euskaraz.

Iazko errentak likidatzeko aldia abiatu dute foru ogasunek, eta Azkoitiko Udalak bat egin du, aitorpenak euskaraz egiteko deia luzatuz, UEMAk abiatu duen kanpainarekin. Hori hala, erakundeak ere errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak, administrazioarekin dituzten harremanetan euskara indartzeko helburuz. 

Udalaren esanetan, "pixkanaka" gora doa errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua, baina errealitate sozilinguistikoak erakusten dituen datuetatik "urrun" dago oraindik. Azkoitiko datuak eman ditu adibidetzat: 2023. urtean, %35ek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, eta iaz, %36k; hau da, herrian aurkeztutako 6.312 aitorpenetatik 2.275 euskaraz egin ziren.

Erakundeak gogoratu du hiru bide daudela errenta aitorpena egiteko —autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa—, eta hiruretan aukeratu daitekeela euskara. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide