Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, Aretxabaleta aurkari eskuz eta Zumarraga gomazko paletan

Julene Frantzesena 2025ko api. 10a, 08:55

Gipuzkoako hainbat pilota elkartetako eta federazioko kideak atzoko aurkezpenean. (GEPF)

Iaz ez bezala, aurten bi modalitatetan parte hartuko dute berriro Oteiza pilota elkarteko kirolariek, eskuzkoan eta gomazko paletan, hain zuzen. Eskuzkoan, final hamaseirenetan ekingo dio Azkoitiak aurtengo txapelketari Aretxabaletaren kontra. Gomazko paletan, berriz, final zortzirenetan abiatuko dute lehia Oteiza elkartekoek Zumarragaren aurka.

Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo, asteazkenez, aurkeztu zuen aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Donostian. Aurreko urteetan legez, lau modalitatetan ariko dira lurraldeko hainbat herri txapelaren bila: esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta zesta punta. Azkoitiak ere parte hartuko du lehian, eskuzkoan eta gomazko paletan, hain justu. 

Eskuzko lehiaren final hamaseirenetako joaneko partidak maiatzaren 4ko asteburuan jokatuko dituzte. Azkoitiak Aretxabaleta izango du aurkari orduan; kanporaketaren joanekoa Aretxabaletan jokatuko dute herriko pilotariek, eta itzulerakoa, astebete beranduago, Gurea pilotalekuan. Final zortzirenetara sailkatzea lortuz gero, Aduna izango dute aurkari Oteiza elkartekoek. Finalerako bidean, Aretxabaletaz eta Adunaz gain, Eibar, Usurbil, Hernani, Zaldibia, Astigarraga, Zegama edota Beasain izan ditzake aurkari Azkoitiak. Ekainaren 28an izango da txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 10:30ean.

Iaz ez bezala, gomazko paletako txapelketan ere parte hartuko du Azkoitiak. Maiatzaren 18ko asteburuan hasiko dira herriko palistak lehian, eta final zortzirenetan Zumarraga izango dute arerio haiek. Joaneko partidak Gurean jokatuko dituzte Oteizako palistek, eta itzulerakoak, Zumarragan. Final laurdenetara sailkatzea lortzen badute, palistek Astigarraga izango dute aurkari final laurdenetan. Finalerako bidean, Azkoitia dagoen adar berean daude, Zumarraga eta Astigarragaz gain, Zarautz, Lasarte-Oria, Hernani eta Aia. Gomazko paletako finala ekainaren 29an, igandez, jokatuko da.

Hona hemen eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren koadroa:

Hona hemen gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren koadroa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide