Emakumeak erraz, gizonak ezinean

Aitziber Arzallus 2025ko api. 6a, 18:30

Domusa Teknik ISB eta Arxilen arteko partida atzo, Azkoitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Emakumeen Domusa Teknik ISB taldeak 76 eta 55 irabazi dio sailkapeneko azkenari, Pontevedrako Arxili. Gizonen Biele ISB taldeak, aldiz, ozta-ozta, baina galdu egin du Cordoban; 72 eta 69. 

Luis Agirre Katxi entrenatzaile azpeitiarrak zuzendutako Domusa Teknik ISB emakumeen taldeak beste garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo zapatua, Azkoitiko kiroldegian. Izan ere, sailkapenean azkena dagoen Arxilen kontra 76 eta 55 gailendu ziren etxekoak.

Lehen laurdenean ez zuten nagusitasunik erakutsi etxekoek; kontrakoa, gehiago izan ziren Galiziakoak (15-20), baina aurki hasi ziren hortzak eraskusten, eta bigarren laurdenean lortutako abantailari esker (22-11), atsedenaldira aurretik iritsi ziren (37-31). Eta bide beretik joan ziren hirugarren (20-12) eta laurgarren laurdenak (19-12) ere. Horrela, partida alde handiz irabaztea lortu zuten Katxiren jokalariek.  

Julie Dacosta izan zen Domusa Teknik ISBko jokalari onena, 11 puntu saskiratu eta 23 puntuko balorazioa lortuta. Denboraldi erregularra amaitzeko hiru jardunaldi baino ez dira gelditzen, eta horietatik bi etxean jokatuko ditu ISBk. Apirilaren 12an, Lima Horta Barcelona izango dute lehiakide, berriz ere Azkoitian, orduan ere 18:00etan. Azken aurreko jardunaldian, berriz, Barakaldora (Bizkaia) egingo du bidaia Azkoiti-Azpeitiko taldeak, indarrak Horbisa Spirit Greenkw Barakaldorekin neurtzeko; azken partida etxean jokatuko dute otsoek Bartzelonaren aurka.

Gizonek, bosgarren porrota jarraian

ISBko gizonen, aldiz, bolada txarrari buelta eman ezinik jarraitzen dute eta elkarren segidako bosgarren porrota jasan dute gaur Cordoban; izan ere, Cordoba Coto taldeak 72-69 irabazi dio Biele ISBri. 

Partida hasiera ona egin dute Azkoiti-Azpeitiko jokalariek, eta baita lehen laurdenean aurretik jartzea lortu ere, 11 punturen aldearekin (15-26), baina ez dira errenta hori eusteko gai izan. Bigarren laurdenean 16-14 partziala eginda, aurretik iritsi dira atsedenaldira (31-40), baina hirugarren (23-14) eta laugarren laurdenetan (18-15) alde handiagoz nagusitu dira etxekoak, eta ozta-ozta bada ere, haientzat izan da garaipena. 

Biele ISBko saskiratzailerik onena Ierai Aizpitarte izan da, 23 punturekin, eta baloraziorik onena, berriz, Iñigo Royok lortu du, 20 punturekin. Gaurko porrotarekin, salikapenean beste leku bat egin du atzera Merinok zuzendutako taldeak, eta zortzigarren postuan da egun, 36 punturekin. Datorren asteburuan, berriz ere etxetik kanpo lehiatuko dira; Huescan, hain zuzen ere, hango Lobe Huesca La Magia taldearen kontra. Larunbatean izango da partida, 20:15ean hasita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide