Mendi lasterketarekin, giro ederrean ekin diote Gazte Asanbladaren laugarren urteurrena ospatzeari

Aitziber Arzallus 2025ko api. 5a, 11:45

Mendi lasterketarekin ekin diote eguneko egitarauari. Eguraldi bikaina lagun, 60tik gora lagunek parte hartu dute aurrenekoz antolatu duten jardueran. Eguerdian, 13:00etan hasita, bafle poteoa egingo dute tabernaz taberna; 14:00etatik aurrera, bertso bazkaria Ikurrinaren plazan; 19:00etan hasita, kontzertuak izango dira Kontzejupean; eta 22:30etik aurrera, DJen emanaldiak Hika tabernan.

Mendi lasterketarekin hasi dituzte Azkoitiko Gazte Asanbladaren (AGA) laugarren urteurreneko ospakizunak. 10:30ak jotzerako dozenaka lagun elkartu dira San Martin auzoko Ardatz elkartearen atarian, dortsalak soinean, izerdi pixka bat ateratzeko prest. Suziria botata, 60tik gora lagun abiatu dira aldapan gora, Munoandira bidean, batzuk korrika, beste batzuk oinez. Parte hartzaileek 6,5 kilometro egin beharko dituzte ibilbidea osatzeko, eta bukaeran sari sinboliko batzuk banatuko dituzten arren, ez da sailkapenik egongo. 

Eguerdian, San Martin auzotik herrigunera eramango dute festa: 13:00etan, bafle poteoa egingo dute, eta 14:00etan, bertso bazkaria izango da Ikurrinaren plazan, Jon Gurrutxaga eta Suhar Gesalaga bertsolariekin. Han bazkaldu nai dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte, baina ez da aurrez izena eman beharrik egongo.

Arratsaldetik aurrera, berriz, musika izango da protagonista: 19:00etan, No Limits eta Rebel Noise taldeen zuzenekoak izango dira Kontzejupean, eta 22:30ean, DJen emanaldiak Hika tabernan: Anti-X, Bibi eta Rizzi ariko dira musika jartzen.

Antolatzaileen esanetan, egunaren helburua Azkoitiko gazteriari "aisialdi eredu alternatiboa" eskaintzea da. "Gazte asanbladatik bideratutako egun bat denez, gazteak eta helduak animatzen ditugu ekintzetan parte hartzera, denok batera egun desberdin batez disfrutatu ahal izateko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide