Lurdes Alberdi: "Aprobetxatu gabe dauden lurrak era komunitarioan landu beharko genituzke"

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 2a, 09:23

Lurdes Alberdi. (Maddi Txintxurreta)

Azkoitian bizi da Lurdes Alberdi, baina Azpeitian egiten du lan, Abelurren. Aho txikiarekin dio kooperatibako lehendakariordea dela, eta aho handiarekin, berriz, Euskara Mahaiko kide "historikoa" dela. Apirileko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Hamarkadak daramatza Lurdes Alberdik (Azpeitia, 1966)baserritarrei aholkularitza zerbitzuak ematen, Lurgintzatik lehenengo, eta Abelur kooperatibatik, 2004az geroztik. Ondo ezagutzen du, beraz, lehen sektoreko errealitatea, eta badaki gaur egun bizi duen egoera ez dela erraza. Etorkizunik nahi bada, herritarrek eta erakundeek elkarrekin lan egin behar dutela iritzi du.

Zerk eraman zintuen Abelur kooperatibara?

Aurretik izan al duzu loturarik lehen sektorearekin? Abelurreko langilea eta bazkidea naiz, elkartea 2004an sortu zenetik. Baina Lurgintza kooperatiban aritu nintzen lehenago. Administraritza ikasketak bukatu eta urtebetera, 1987an, lanean hasi nintzen Lurgintzan. Han hamazazpi urte egin ondoren, hango langile talde batek sortu genuen Abelur. Hasieran sozietate mugatu izaera zuen, eta handik bi-hiru urtera langileok erabaki genuen kooperatiba bihurtzea; izan ere, kooperatibaren balioekin sinesten genuen, hau da, langileen partaidetza arduratsuarekin eta solidarioarekin.

Zein izan da zure ibilbidea kooperatiban?

Hasieran, elkarte, kooperatiba eta enpresa txikiekin egiten nuen lan batik bat; horien kontularitzaz arduratzen nintzen: kontabilitatea, fiskalitatea, fakturazioa eta kobrantzak... Gaur egun ere horretan jarraitzen dut, baina urte batzuk pasatuta eta esperientziaren laguntzarekin, enpresa horien koordinazioaz ere arduratzen naiz. Modu zabalagoan egiten dut lan horiekin, bileretan parte hartuz eta aholkatuz.

Nekazaritzaren sektorean aholkularitza espezializatua eskaintzen du Abelurrek. Esango zenuke lehen sektoreko langileek bazutela halako laguntzaren beharra?

Lurgintzan jende berberarekin egiten genuen lan, eta sektorea ere bera zen. Beraz, urte askotako esperientziak ahalbidetzen du zerbitzu profesional on bat eman ahal izatea. Gure bezeroekin dugun harremana oso zuzena eta gertukoa da, beti saiatzen gara haien beharretara egokitzen.

Zehatzago esanda, zer zerbitzu eskaintzen dituzue?

Zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditugu, enpresek dituzten beharren arabera. Profesional guztiek bezala, enpresek ere behar dute behar administratiboak osatzeko aholkularitza zerbitzua. Horrez gain, saiatzen gara unean uneko beharrei erantzuten. Enpresa batzuek, baserritarrek kasu honetan, zerbitzu zehatz bat behar izaten dute momentu jakin batzuetan: elkarte bat sortu behar dutenean edo inbertsio bat egin nahi dutenean, adibidez. Hori bideratzeko laguntza oso zehatza da. Bestalde, langileei lotutako gaiak ere lantzen ditugu, giza baliabideekin zerikusia duten zerbitzuak: kontratuak, nominak, Gizarte Segurantza, jubilazio azterketak... Horrelako eskaerak ere iristen zaizkigu. Horrez gain, zerbitzu zehatzagoak eta teknikoagoak eskaintzen dituzten teknikariak ditugu, abeltzaintza ustiategietan, baratzezaintzan edo frutagintzan, adibidez.

Zeintzuk dira Abelurrera jotzen duten nekazariek eta abeltzainek izan ohi dituzten kezkak?

Kezkak eta beharrak aldatzen joaten dira. Bezero gehienek gure ohiko zerbitzuak jasotzen dituzte urtez urte, baina une jakinetan behar berriak dituztela eta, zerbitzu zehatzak eskatzen dizkigute, hala nola lurren salerosketa kontratuei, belaunaldi aldaketetan jardueren transmisioari eta elkarteen eratzeari zein desegiteari lotuta. Gainera, administrazioa programa desberdinak martxan jartzen ari da, eta horrek jarraipena eskatzen du. Azken urteetan Ticket Bai-ren kontuarekin lan dezente izan dugu, sistema horrek eragin handia izan baitu bezeroengan. Merkatuan dauden fakturaziorako programa ezberdinak begiratzen ditugu, eta horiek proposatzen eta aholkatzen dizkiegu.

"Eguneratu egin behar dugu, ezin dira gauzak lehen bezala egin; gizartea aldatuz doa"

Administrazioek gero eta burokrazia zurrunagoa eskatzen al dute nekazaritzan eta abeltzaintzan?

Pandemiaz geroztik, administrazioetako leihatilak asko urrundu dira. Orain edozein izapide egiteko txartel digitala erabili behar da. Egia da, telefono bat eskuetan baldin badaukate, baserritarrek txartel digitalaren bitartez eragiketa asko egin ditzaketela dauden lekutik mugitu gabe. Lehen sektorean asko aurreratu da teknologia, eta jendeak ere ikasi du hori erabiltzen, baina badira mugak dituztenak ere. Beraz, alde onak eta txarrak ditu, baina uste dut lehen sektoreko baserritarrek, herritar askok bezala, faltan sumatzen dutela gertutasuna.

Badira 21 urte kooperatiba sortu zenutela. Ordutik hona aldatu egin al dira nekazarien beharrak?

Fiskalitate aldetik, presio gehiago dute orain baserritarrek. Lana egiteko era ere aldatu da; guk paper asko erabiltzen dugu oraindik, baina baita lehen ez zeuden Whatsapp-a, korreo elektronikoa eta aplikazioak ere. Lehenago esan dudan bezala, eragiketa asko egiten dira gure bulegoetara etorri edo papera erabili gabe. Beraz, esango nuke fiskalitatean eta giza baliabideekin lotutako zerbitzuetan egin dutela gora beharrek. Profesionalago diren heinean, baserritarrei behar gehiago sortzen zaizkie.

Lurdes Alberdi, lanean, Abelurren egoitzan. (Maddi Txintxurreta)

Lehen negozioak familia barruan irauten zuen; orain ez, ordea.

Hori da. Horrek zerikusia du aipatutako profesionalizazioarekin. Eta hori bakarrik ez; orain arte, baserrietan etxeko laguntza handia zuten. Familiak ugariagoak ziren, eta beti zeuden seme-alabak, iloba, anai-arrebak... lanean laguntzeko. Gaur egun, batetik, familiak txikiagoak dira, eta, bestetik, Gizarte Segurantzak hainbat traba jartzen dizkio etxeko laguntza horri, kontratua edo asegurua egitea eskatzen baitie kideei.

"Pandemiaz geroztik, administrazioetako leihatilak asko urrundu dira"

Nekazarien ekonomiarako irtenbide nagusiak izan dira orain arte azokak. Aldatu egin al da hori?

Zein da egungo errealitatea? Orokorra dela esango nuke, denok ikusten dugu egoera. Azoka leku garrantzitsua da, baserritarrek bertan saltzen dituztelako beren produktuak, baina, bestalde, azoketan egiten eta indartzen dituzte horiek harremanak. Gizartean gero eta okupatuago bizi gara, gero eta denbora gutxiago daukagu, eta gainbehera egon da azoketan. Baina egia da, baita ere, beste kanal batzuk sortu direla: salmenta zuzena, Whatsapp bidezko eskaerak... Hor egon behar dela uste dut; merkatuan egon behar da, produktuak jendearengana iristeko zer aukera dauden ikusteko.

Orokorrean, zein da sektorearen egoera Azkoitian? Egoera hori orokorra da, edo Azkoitiak eta bere inguruak badu aparteko berezitasunik?

Azkoitiko egoera beste herri askotakoaren oso antzekoa dela uste dut. Egia da baserri asko daudela herrian, baserri txikiak gehienbat, baina baserritik bizi diren profesionalak gutxi dira. Joera hori, agian, lehenago emango zen Debagoienean adibidez, hango industrializazioaren eraginez. Esango nuke han lehenago hasi zirela baserriak gutxitzen, eta hemen beranduagora arte mantendu direla. Bestalde, konturatzen naiz Azkoitia bezalako herrietan profesionalak ez diren baserritarrek ingurua txukun-txukun izaten dutela! Herritar guztiok eskertu eta aitortu beharko genieke haiei mendiak eta zelaiak txukun egon daitezen egiten duten lana.

Nekazaritza jardueran hasi nahi duten gazteak artatzen dituzue ala helduak dira bezero gehienak?

Helduak dira gehienak, bai. Askotan esaten dugu erreleborik ez dagoela, baina administrazioa hainbat programa zabaltzen ari da gazteak lehen sektorera sar daitezen: horren adibide dira Gaztenek, Baserritar Misto Profesionala eta Trebatu programak. Egitasmo horietako baserritarrei jarraipen handiagoa egiten zaie.

Programa horien eragin positiborik nabaritzen al duzue?

Tira, bai, baina ez nahi beste. Egia da jendea alternatibak bilatzen ari dela. Adibidez, behi esnearen ustiategi bat jartzeak sekulako inbertsioa eskatzen du, eta ondorioz, oilaskoak, sagastiak edo ahuakateak jartzen dituzte. Beste jarduera batzuk jartzen dituzte martxan.

"Bezeroekin dugun harremana zuzena eta gertukoa da, beraien beharretara egokitzen gara"

Egoera hobetzeko aukerarik ikusten al duzu?

Hobetzeko aukera dagoela, seguru, baina erraza ez dela izango ere, seguru. Askotan, jarduera bat gainbeheran dagoenean, diru laguntza bat ematen zaio, baina horrek denbora batean soilik laguntzen du. Esan dugu: familiak gero eta txikiagoak dira, eta baserritik bizitzea oso zaila da, inbertsio handiak eskatzen dituelako. Uste dut herritarrok eta administrazioak hausnarketa egin beharko genukeela, eta agian, ez herri konkretu batean, baizik eta lurralde mailan. Asko hitz egiten dugu elikadura burujabetzaren inguruan; bada, horretan sinesten badugu, lanketa egin behar dugu. Baditugu aprobetxatu gabe eta toki onetan dauden lur batzuk. Agian, horiek era komunitarioan lantzen hasi beharko genuke. Aukera hori badela pentsatu beharko genuke. Ez da erraza izango; izan ere, lan asko egin beharko da herritarrak eta lur jabeak kontzientziatzen. Lehen sektorea ezinbestekoa da herritarrentzat, beraz, denok egin behar dugu ahalegina horri eusteko. Eta eguneratu egin behar dugu, ezin dira gauzak lehen bezala egin, gizartea ere aldatuz doalako.

Abelurrek lanketa izugarria egin du barneko hizkuntza euskara izan dadin. Orain Euskaraldia gertu dagoela, zeintzuk dira kooperatibak hartuko dituen konpromisoak?

Abelurrek sorreratik garbi izan du lanerako hizkuntza euskara izango dela. Egia da sektoreak laguntzen digula, garai batean orain baino gehiago, baina tira. Era naturalean egiten dugu gure artean euskaraz. 2009an, Azpeitiko Euskara Patronatuak bazuen enpresak euskaratzeko zerbitzu bat, eta erabat ados agertu ginen egin zigun eskaintzarekin. Orduan hasi ginen egiten genuen hori idatziz jasotzen. 2018an, berriz, Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesura aurkeztu ginen lehenengoz; lortu genuen, eta 2024an berritu. Nolabait, egindako lanaren ebaluaketa bat izan zen hura. Euskaraldian, berriz, beti parte hartu dugu, eta aurten ere izena eman dugu entitate gisa. Langileei mezu bana bidali diegu norbanako gisa parte har dezaten. Eta erronka bat jartzekotan... hika egitea! Azpeitian nahiko erraz egiten dugu, baina hemendik kanpo ez hainbeste, eta beraz, hori indartzea da helburua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide