Kazetari batek luma zorrotz eduki behar omen du, eta Luis Mendizabalek (Azkoitia, 1949), begirada ez ezik, hitza ere hala du. Komunikazioaren arloan ibilbide luzea du egina: frankismoaren hondarrean, Zeruko Argia-n eman zituen lehen pausoak, eta Egin egunkariaren sortzaileetako bat izan zen gero. Euskadi saileko arduradun izan zen han eta El Diario Vasco-n, eta Eusko Jaurlaritzaren komunikazioa ere ezagutu zuen 1998tik 2005era bitartean. Dena den, urte gehien igaro zuen etxea Euskal Telebista publikoa izan zen. Han hartu zuen erretiroa, baina oraindik ez du kritikotasuna galdu, komunikabideen zentsura salatzen baitu. Bidean hainbat oztopo gainditu behar izan badu ere, "pribilegiatua" sentitzen da.
Donostian bizi zara urte askoan, baina izatez azkoitiarra zara, Illarra baserrikoa. Orduko zer oroitzapen duzu?
Baserrikoa naiz, bai, eta hori garrantzitsua da nabarmentzea, desberdina delako kaletarra ala baserritarra izan. Hain zuzen, apenas dut azkoitiartzat nire burua. 14 urtera arte ez nintzen kalean bizi, eta han pare bat urte besterik ez nituen egin. Gurasoek jatetxe bat zabaldu zuten, eta orduan jaitsi nintzen kalera.
Umetan, eskola publikoan hasi nintzen ikasten, baina ez nuen denbora asko egin. Izan ere, amamarekin jaisten nintzen baserritik kalera, hark esnea banatzen zuen ordutegian, ordea. Eskola publikoak zuen ordutegia ez zitzaigun batere ondo etortzen etxean, eta beraz, Trino Uriak Kale Nagusian zuen eskola partikularrera joaten hasi nintzen. Horregatik, ez dut arrastorik eskola publikoan nirekin ikasi zutenak zeintzuk diren. Gero, 14 bat urterekin, Azpeitiko institutura joan nintzen ikastera. Garai hartan, lagun taldea Santa Kutz auzoan nuen, baina nire benetako kuadrilla Azpeitiko institutuaren inguruan sortutakoa izan zen. Bazegoen azkoitiarren bat taldean, baina gehienak azpeitiarrak ziren, eta igandeetan Azpeitira joaten nintzen lagunengana. Azkoitiko kalea ez dut asko ezagutu, beraz, eta hitz egin ere, ez dut inoiz azkoitiar peto-petoan egin.
Nondik datorkizu kazetari sena?
Gaztetan-eta banuen idazteko afizioa, baina lanean delineatzaile hasi nintzen. Bi urtez Azkoitiko tailer batean lan egin nuen delineatzaile moduan, eta gerora beste hainbat enpresatan ere jardun nuen horretan. Asko gustatzen zitzaidan lan hori, eta etorkizuna mundu horretan ikusten nuen. Horretan nenbilela, ordea, lagun batekin Madrilera joatea suertatu zitzaidan 1968an, eta han bere anaia ezagutu nuen, Juan Ramon Martinez: Nuevo Diario egunkarian kazetaria zen, eta Vietnameko gerran lan egitetik zetorren. Hura ezagutu nuenean ezagutu nuen kazetaritzaren mundua ere. Era berean, 68ko Maiatza ere ezagutu genuen garai hartan. Ordurako idealista eta erromantiko samarra nintzen ni, ezkertiar ideologia izan dut ia beti. Testuinguru hark erabat harrapatu ninduen, eta erabaki nuen kazetari izan nahi nuela; hainbeste gustatzen zitzaidan makina-erreminta utzi, eta kazetaritza ikastea pentsatu nuen. Etxean ez zuten batere ondo hartu, baina, azken finean, gurasoek errespetatu egin ninduten, eta Opus Deiren Iruñeko unibertsitatera joan nintzen kazetaritza ikastera, orduan ez zegoelako beste aukerarik.
1970eko hamarkadan ekin zenion lan ibilbideari, Zeruko Argia-n.
Ikasketak amaitu eta segituan hasi nintzen lanean, 1974. urtean. Zeruko Argia-n lan egitea izan zen kazetari karneta prestatzea. Izan ere, orduko legeak komunikabideak behartzen zituen kazetariak edukitzera. Zeruko Argia-n behar zuten karnet bat, eta garai hartan euskaldun kazetariak bi edo hiru izango ginenez, han hasi nintzen. Aldi batean egin nuen lan, urte erdiz edo. Mikel Atxagak egiten zuen orduan Zeruko Argia, eta esperientzia polita izan zen.
Ondoren, Madrilgo hainbat aldizkaritan korrespontsal lanetan hasi nintzen; esaterako, Cambio 16 aldizkariko Gipuzkoako korrespontsal izan nintzen. Frankismoaren amaiera zen, gizartea irakiten zegoen, eta ni aldizkarien munduan nenbilen lanean.
Aldizkarietan lan egitetik, ordea, egunkarietara igaro zinen gero. Garai hartan sortu zenuten Egin komunikabidea.
1977ko otsailean hasi ginen Egin sortzen Mariano Ferrer eta biok. Mariano irratira bideratuta zegoen, eta ni prentsa idatzira. Otsailean proiektua lantzen hasi, eta irailaren 29an atera genuen lehen alea. Hasiera batean, oso proiektu independentea zen, baita ezkerrekoa ere, baina handik bi urtera independentzia galdu zuen. Komunikabideak kapitala handitu zuenean, boterea ere gehiengoak hartu zuen; eta orduko KAS alderdiak, ETAren inguruko ezker abertzaleak, Egin-en gehiengoa hartuta, presioak hasi ziren. Frankismoan ezagutu nituen zentsurak eta ez nituen oso gustuko, ezta gerora ere. Euskadi saileko arduraduna nintzen garai hartan, eta tira, atera egin behar izan nuen, modu txarrean.
Bidali egin zintuzten?
Mehatxatu egin ninduten, eta mehatxupean atera behar izan nuen. 1979. urtea zen, eta halako mehatxuak gerora ere asko egon ziren, baina aurrenetakoa izatea tokatu zitzaidan, desgraziaz.
Bi astera, ordea, El Diario Vasco-n nengoen lanean. Lehengo bunker bat zen egunkari hori, baina zuzendariak espabilatuak ziren. Merkatua irabazteko, bazekiten egunkariak ireki egin behar zuela, eta horretarako gu bezalako kazetarietan zituzten begiak jarrita, interesatzen baitzitzaien erredakzioan kazetari euskaldunak izatea. Ni ezaguna nintzenez, kontratatu egin ninduten, eta Pais Vasco saileko arduradun jarri ninduten. Beraz, astebetean Egin-etik El Diario Vasco-ra pasatu nintzen lan berbera egitera.
Trantsizio garaian zegoen testuinguruan, nolakoa zen Euskal Herrian kazetaritza egitea?
Beti esaten dut trantsizioko urteetan kazetariok paradisua ezagutu genuela. Diktaduraren amaierarekin, mundu berria genuen parez pare Euskal Herrian zein Espainian, eta testuinguru horretan, komunikabideak demokraziaren sorreran interesatuta zeuden. Frankismoan, ideologia hain astuna zen horretan, komunikabideek ez zuten lan egiten dirua irabazteko; ideologia garrantzitsuagoa zen dirua baino. Baina trantsizioa iritsi zenean, ikusi zuten mundua aldatzera zihoala, eta komunikabide guztiek babestu zuten garai berri hura, eskuinekoak ere interesatuta zeuden eboluzio horretan. Horretarako inurriak ginen kazetariak, eta garai hartako kazetariok garairik onena ezagutu genuen kazetaritza egiteko.
1977. urtetik 1885 aldera arte izan ziren kazetaritzarako urte zoriontsuak, askatasuna genuelako eta jendeak interesa zuelako garai berrira aldatzeko. Baina egoera hori aldatu zen komunikazio enpresak beren interes ekonomikoak eta politikoak defendatzeko hautua egiten hasi zirenean. Izan ere, komunikabideak beren ideologia defendatzeko terrenoa markatzen hasi ziren, eta El Diario Vasco-k trantsizioan sortu zen egunkarien arteko konpetentzia irabaztea lortu zuen. 1982ko abuztuan, oporretan nengoela, Miguel Larrea orduko zuzendariak deitu zidan esanez bere aulkia defendatzeko nirea aldatu behar zuela. Zuzendaritzak erabaki zuen komunikabideak UCDren politikan gehiago esku hartu behar zuela, eta horretarako, ezin nuen jarraitu ordura arteko ardura izaten. Pais Vasco saila utzi, eta beste sail batera aldatu behar nuela esan zidaten.
"Mehatxuak gerora ere asko egon ziren, baina aurrenetakoa izatea tokatu zitzaidan"
Zer eskaini zizuten?
Neuk nahi nuen saila har nezala esan zidaten. Ordea, garai hartan ETB sortzen ari ziren, eta han ere ezagutzen ninduten. Aurrez ere eskaini zidaten ETBra joatera, lehen esan bezala, esperientzia zuen kazetari euskaldunik ia ez zegoelako. Baina ikus-entzunezkoak ez zitzaizkidan interesatzen, ni prentsa idatzikoa nintzen. Dena den, egunkarian bizi nuen egoerarekin, hura utzi telebistara joatea erabaki nuen.
ETBn, berriz, albistegietako erredaktoreburu izendatu zintuzten.
Beste kazetaririk ez zegoen eta. Ni nintzen esperimentatuena eta euskalduna. Gogoratzen naiz langile batzuk Donostian autobusa hartu eta Hanburgora (Alemania) joan ginela formazio bat jasotzera. Amatiño [Luis Alberto Aranberri Mendizabal] zen albistegietako zuzendaria, eta esperientzia pixka bat genuenok arduratu ginen saioa prestatzeaz. Beste guztiak Leioako campusetik atera berriak ziren lehen ikasle euskaldunak ziren.
Zer eginkizun zuen orduan Euskal Telebista publikoak?
Ikaragarria iruditzen zitzaidan telebista publikoa sortzeko aukera izatea, benetan sinesten bainuen telebista publikoan. Hasieran ondo konpontzen ginen zuzendaritzarekin, baina gero hasi ziren presioak. Horretan, mugarria izan zen EAJren zatiketa; oso garrantzitsua izan zen Euskal Herri osoan, baina baita euskal telebistan bertan ere. Gauzak aldatzen joan ziren orduan, eta informazioaren kontrola, manipulazioa ez esateagatik, hasi zen. Batzuok, kazetaritzaren eskola zaharrekoak ginenok, ez genuen hori onartzen; nik ez behintzat. Eta onartzen ez genuenok baztertu egiten gintuzten.
Zer presio jasan zenuen?
Bi minutu ematen nizkion albistea ez zitzaion zuzendariari gustatzen. Hortik etortzen dira desberdintasun handienak; bestea da goitik behera etortzen den zentsura, eta adi, gaur egun horrelako asko dago. Baina garai hartan, demokrazia berrian, ez zegoen ondo ikusita hori, eta sentsura sotilagoa zen. Zentzu horretan, nire ikuspegiak ez zuen sekula berearekin bat egiten. Eta zerekin ez zuen bat egiten? Bada, propagandarekin. Gaurko ETBko albistegiak ikustea besterik ez dago komunikabidea gobernuaren propagandarako dela jakiteko. Haren eta ideologia jakin baten mesedera egindako bozgorailua besterik ez da; Ukrainako gerraren gainean egin duten trataera, esaterako, ideologia jakin baten isla izan da.
Esan duzu zuzendaritzaren kontrola onartzen ez zenutenak baztertu egiten zintuztetela. Nola egiten zuten hori?
Eguneroko albistegietatik astekari programa batera pasatu ninduten, eta Hemen bizi izeneko saioan hasi nintzen. Gero, ETB2ko Tercer milenio saioan aritu nintzen denbora askoan, eta geroz eta beranduago jartzen ninduten programazioan. Tercer milenio bezalako saioek publikoaren fideltasun handia izaten dute telebistan, eta programatzaileek abusatu egiten dute horretaz; saioak gero eta beranduago jartzen dituzte, eta horrek publikoari zaildu egiten dio saioak jarraitzea.
"Kazetari lana mahaiaren alde batean zen bestean berdin egiten dela ikusi nuen gobernuan"
1998tik 2005era, berriz, Eusko Jaurlaritzan, Lan eta Justizia, Ingurumena eta Lurralde Antolaketa sailetako komunikazio arduraduna izan ziren. ETBn zenuen tentsioak eraginik izan al zuen komunikazio instituzionalerako jauzia ematerakoan?
ETBn ez nengoen gustura, eta kexatu egiten nintzen saioa berandu ematen zutelako. Harreman txarra nuen zuzendaritzarekin, eta orduan, Eusko Jaurlaritzaren gobernuan aholkulari moduan prentsa arduradun izateko bost hilabeteko lana eskaini zidaten. Asko harritu ninduen egin zidaten proposamenak. Gainera, eskaintza egin zidan sailburua –Sabin Intxaurraga– ez nuen ezagutu ere egiten. Nik ez nekien zer zen horretan lan egitea, eta zera galdetu nion sailburuari: "Zer duk aholkulari izatea?". Eta hark erantzun: "Pentsatzen duana esatea". Sekula ez nintzen mahaiaren beste aldean egon, baina onartu nuen, eta Jaurlaritzara joan nintzen ETBren zuzendaritzarekin tentsio handia nuelako.
Gobernuan, zerekin egin zenuen topo?
Oso lan polita aurkitu nuen han, testuingurua ere halakoa zelako. Egia da pentsatzen nuena esaten nuela eta kasu egiten zidatela. Harrituta nengoen, nire independentzia zeharo errespetatzen zutelako, alderdikoa ez izanagatik. Sailburu berezia izan zen Intxaurraga, EAkoa, nahiko independentea, eta alderdiaren barruan ere izaten zituen desberdintasunak. Baina ez zuen normalean aholkulariei eskatzen zaien adinako leialtasuna eskatzen.
Bost hilabeteko lanaldia izango zena, zazpi urtera luzatu zen azkenean.
Bai, eta zazpi urte horietan hiru sail ezagutzeko aukera izan nuen. Kazetari bezala oso esperientzia interesgarria izan zen. Lan hartan hasterako, albisteak emateko jardunari lotutako aurreiritzi asko nituen, baina gobernua barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, eta ikusi nuen kazetari lana berdin egiten dela mahaiaren alde batean zein bestean, zerbait ondo komunikatzeko kezka edozein kazetarik izan baitezake. Beste kontu bat da zer saltzen duzun; propaganda egitea, manipulatzea. Baina benetan diot ez nuela horren beharrik izan, nire independentzia errespetatu zutelako. Nire lana zen euskal gizarteari kontatzea niri zegokidan sailak zer egiten zuen. Finean, hori kazetariaren lana da, eta askatasun osoa nuenez horretarako, pozik egon nintzen zazpi urtetan.
EITBra bueltatu ziren gero, eta 2010ean, Kalifornia saioan lanean ari zinela, erabaki zenuen ez zenuela kazetaritzan lan gehiago egingo. Zergatik?
Intxaurraga sailburu izan zen tartean egin nuen lan gobernuan, baina EITBn postua mantentzen nuen. Erredaktoreburua nintzen, eta uste dut zuzendaritzak ez zekiela ni non jarri. Bingen Zupiria zuzendari zela, Kalifornia elkarrizketa saioaren ardura eman zidaten, baina esan zidaten ezin nituela politika eta aktualitate gaiak jorratu. Muga horiekin, ETB1eko gaua betetzen jarri ninduten, baina ez zen nire mundua hori, eta aurrejubilatu egin nintzen.
Orduan hartu zenuen erretiroa, baina ordutik, apaldu egin al zaizu bokazioa?
Ez. Kazetaritzarekiko afizioa ez da sekula galtzen. Masokista izango naiz, baina egunero ikusten ditut albistegiak, nahiz eta egunero nire burua haserretzeko besterik ez izan. Esan dezaket gaurko egunean ezingo nukeela komunikabideren batean lan egin. 75 urte ditut, eta esperientzia gehiegi. Badakit gobernuek nola funtzionatzen duten, alderdiak nolakoak diren... Gehiegi dakit komunikabide 'normal' batean lan egiteko. Ezin naute maneiatu, eta desgraziaz, egia da. Gure adineko kazetariok, esperientzia daukagunok eta kazetaritza librean sinesten dugunok, ez dugu gaur egun non idatzi.
"Trantsizioan ezagutu genuen kazetaritza librea, baina garai hura salbuespena izan zen"
Zentsurak egoten jarraitzen duela esango al zenuke?
Ikusten dudan guztia propaganda da, ez EITBn bakarrik. Gaur egungo kazetaritza hilda dago, baina ñabartu egin beharko nuke: medio handietan gertatzen da hori batez ere. Zortez, medio txikiak eta Internet hortik salbu daude. Ordea, egunkari handiak enpresaren onurei lotuta daude goitik behera, hemen eta mundu osoan. Badakite gero eta garrantzitsuagoa dela informazioa kontrolatzea, eta azken urteetan botere politikoak eta ekonomikoak gero eta gehiago bilatzen du komunikabideak kontrolatzea. Neoliberalismoak sekulako garrantzia ematen dio komunikazioari, eta ondorioz, kazetaritzak ez du existitzen. Kazetaritzak askatasuna esan nahi du; ekuazio hori oinarrizkoa da.
Trantsizioan ezagutu al zenuen kazetaritza librea?
Bai, baina garai hura salbuespen bat izan zela uste dut. Kazetaritza egiteko aukera izan genuenok, komunikabide eta lanpostu garrantzitsuetan, kazetaritza librea ezagutzeko aukera izan genuen. Egia da garai hartako denok ez gaudela egoera berean. Zortea izan nuen nik, nire independentzia ekonomikoa mantentzeko modua izan zelako kazetaritza. Zorteduna naiz, oso gutxi garelako ez dugunak burua makurtu beharrik izan independentzia ekonomikoa mantentzeko.