Orri zuriaren sindromea: idazleek eta ikasleek dokumentu zuri bati aurre egitean izaten duten antsietate edo blokeoa, idazten hastea eragozten diena; bestela esanda, kazetari honek atal honetarako artikulua idatzi behar duen ia bakoitzean sentitzen duena. Agian, idazleen zakuan sar daitezke iritzia eman behar duten kazetariak ere, norberaren iritzia arlo pertsonaletik publikora eramateak koxka handi bat igotzea eskatzen duelako, umiltasun ariketa handi bat eginez (edo beharko luke).
Kazetaritzaz hasita: "Kazetaritza hilda dago". Hiru hitzekin borobildu du Luis Mendizabal kazetariak urte askoz lanbide izan duenaren inguruan duen ikuspegia, komunikazioa boterearen, haren ideologiaren eta enpresen esku dagoela berresteko. Ondorengo orrietan xehatu ditu hark baieztapen hori egiteko dituen arrazoiak, eta gustatu ala ez, libre egindako taxuzko kazetaritza geroz eta nekezago topa daitekeela gutxik egiten du egun zalantza, botereak inoiz baino gehiago informazioa ondoan behar eta nahi duen honetan. Eta Mendizabalen ohartarazpena: "Kazetaritzak definizioz izan behar du kritikoa, kritikoa ez den kazetaritza propaganda da; notizia zerbait berria da, ez norbaiten mesedetan esaten dena". Ez da ari ohiko medio handiez soilik, tokiko hedabideez ere bai, horien begirada kritikoaren falta sumatzen baitu.
Bitan elkarrizketatu dut Mendizabal, bietan Donostian. Esango nuke hark erretiroa hartu zuenean elkarrizketatu nuela lehenengo aldiz, eta hotel handi baten sarrerako besaulki banatan eserita kontatu zizkidan luze eta zabal kazetaritzaren ertzak, grabagailuak bere memoria bete zuenera arte. Handik metro gutxira dagoen beste hotel baten kafetegian elkartu gara oraingoan, eta oraingoan eskuko telefonoaren grabagailuak ordezkatu du gailu zaharkitu hura. Kanpo memoriak ez dit hutsik egin oraingoan, eta elkarrizketatuak ere fin eusten dio bere barnekoari, argi aletzen baititu duela mende erditik bizitakoak. Hark ere ezagutuko zituen gailuek digitalizaziora egindako jauziak, eta ezagutu zituen bestelako agertoki batzuk ere. "Pribilegiatua" sentitzen da inoiz ezagutu zuelako "kazetaritza librea", frankismoaren amaieran eta ondorengo trantsizio urteetan, "gizartea bor-bor zegoen sasoian". Horretan fidel, kazetaritzan hasterako idealista samarra zela dio, eta idealismoak zail du boterearekin ezkontzen.
(Elkarrizketa amaitu, eta elkar agurtuta hartu du bakoitzak bere bidea. Une horretan, turista talde bat bete-betean datorkit gainera; artaldeak berriz harrapatu nau, a ze ironia).
Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak idatzi duen artikulu bateko hitzokin egin berri dut topo: "Esango nuke distantzia dela kazetaritzaren gakoa: gauzekiko, jazoerekiko, ikusten duenarekiko, eta, batez ere, boterearekiko". Distantzia, horixe da tokiko kazetarioi ere maiz taxuzko lana egiteko falta izaten zaiguna.