Sun Magoak 'Houdiniren magia' ikuskizuna eskainiko du igandean, Baztartxon

Andoni Elduaien

Sun magoa. (lovevalencia.com)

'Houdiniren magia' ikuskizuna aurkeztuko du azken urteetan behin baino gehiagotan Azkoitian izan den magoak. 17:00etan hasiko da haren ikuskizuna igandean. Sarrerak zortzi euroan eskuratu daitezke.

Sun magoak Houdiniren magia ikuskizuna eskainiko du igandean, apirilak 6, Baztartxo antzokian. 17:00etan hasiko da magoa bere azken ikuskizunaren emanaldiarekin. Disney Channelen Club Houdini telesaileko kidea den ilusionistak publiko guztientzako ikuskizuna aurkeztuko du Azkoitian.

Iñaki Ruiz de Galarretak Espainiako Magia saria jaso zuen. Dena den, hura ezagunagoa da Sun magoa bezala, aditua baita muturreko ihesaldiak, ilusio handiak, desagertzeak eta lebitazioak eskaintzen, baita antzerkiko zein telebistako ikuskizunetan ere. Hain zuzen, enigmak, agerpenak, desagerpenak eta ur-tangaren ihesa eskaini ohi ditu magoak bere emanaldietan, eta horietako zenbait eskainiko ditu Baztartxon ere. Ikuskizunerako sarrerak Entradium atarian daude salgai, zortzi euroan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide