Udan hasiko dituzte Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen Azkarateko errepide zaharra konpontzeko eta sendotzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia errepideko eremu hondatuenak egonkortzeko proiektua ari da idazten, eta jakinarazi dutenez, lanak udan hastea eta 2025aren amaieran bukatzea aurreikusi du erakundeak. Dena den, datorren urtearen hasieran egingo dituzte asfaltatze lanak.
Guztira, hiru puntutan lan egingo du aldundiak, hirurak Azkarate gainetik Elgoibarrerako bidean. Batetik, 3+100 kilometro-puntuan, lurraren egoera aztertzeko eremuaren azterketa geotekniko bat egingo dute aurrena. 50 metroko luzera izango duen horma bat eraikitzeko asmoa ere badute puntu horretan, eta hala galtzada egonkortuko dute, balizko luiziak ekidinez.
2+100 kilometro-puntuan, berriz, drainatze lanak egingo dituzte errepidearen oinarrian dauden materialak konponduz; izan ere, lur azpiko materialen galerak galtzadaren hondoratzea eragin duela adierazi dute erakundeek. Urak husteko sistema hobetuko dute batetik han, baita eremua fresatu eta zoru berria jarri ere. 0+570 kilometro-puntuan, azkenik, habeen bidez egonkortuko dute lurzorua. Lan horien kostua eta egin beharreko lanak "dimentsio handikoak" izanik, lanak lizitaziora aterako dituzte.