Gutuna

Guztiontzako balio duen eskola, noizko?

Inma Urteaga 2025ko mar. 22a, 10:01

Down Sindromearen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira, iazko Isilune Zirkuluan Marea Urdina elkarteak irakurri zuen honako testu hau ekarri du gogora Inma Urteagak.

Martxoaren 21ean, Down Sindromearen Nazioarteko Egunean, guztiok formatu eta hezitzeko balio duen eskola behar dugula aldarrikatzera natoz. 

Indarrean dagoen legediak jasotzen du bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako hezkuntza jasotzea gu guztion oinarrizko eskubide bat dela. Baina eskubide hau egunero urratzen da gure ikasgeletan.

Hezkuntza sistemaren kudeaketaren arduradun politikoek noiz ezarriko dituzte premiazkoak ditugun neurri zuzentzaileak legearen xedea bete dadin eta guztiz premiazkoa dugun eskola eredugarria izan dezagun?

Eskolaren egoera mingarria da ikasle askorentzako, haien familientzako eta egunero ikasgeletan ikasle batzuk aurrera ezin eginez ikusten dituzten ikaskide eta irakasleentzako. Ondo daki hau aniztasun funtzionala duten ikasleak, ikasteko zailtasunak dituztenak, gaitasun handiak dituztenak, etorkinak direnak… ezagutzen dituzten edozeinek.

Bereziki mingarria da behar bereziak dituztenentzako; jatorrizko ezgaitasunagatik, ikasteko zailtasunegatik edo bestelako arrazoirengatik arreta berezia behar dutenentzako. Ikasle hauen eta berauen ardura duten irakasleen eguneroko erronka itzela da. Eta nahiz eta guztiek saiakerak eten gabe egin, ezer gutxi jasotzen dute ordainetan, bai batzuk eta bai besteek. Eta ikasle izateko egunak mugatuak dira… eta aguro pasatzen dira… Gaur egiten ez dena, behar bada ezingo da inoiz egin.

Justizia sozialeko paradigma etiko batean, eskolak, ikasle ororentzako aukera berdintasuna bermatu behar du, pertsonen jatorrizko desabantailak gainditu eta ikasleen gaitasunak ahal den maila goreneraino bilakatzen indarra jarri. Pertsona guztion gaitasun fisiko, emozional eta adimena maila goreneraino bilakatzeak hurbilduko gaitu gizarte osasuntsuagoa, elkartasun handiagokoa, etorkizunari indarrez aurre egiteko gai dena, eta zoriontsuagoa izatera.

Eskola funtsezkoa da ere ikasleen gizarteratze egokia lortzeko. Eta hori lortzetik ere urrun gabiltza. Gero eta gehiago ikusten dira gure ikasgeletan haur, ume eta nerabe goibelak, bazterkeria jasaten dutenak... Nola bihurtuko dira komunitatean eta elkartasunean bizitzen dakiten pertsona heldu zoriontsuak?

Berdintasunean oinarritutako hezkuntza jardunak ikasle guztiei gauza bera eskaintzen die: material, ordu, arreta… berberak ikasle ororentzat; nahikoa izan edo ez izan. Ekitatean oinarritutako hezkuntza jardunak ikasle bakoitzari ezjakintasun eta bazterkeria gainditzeko behar duena ematea du helburu.

Ekitatearen oinarria standard altuak izatea da, standard horien gainean irakaskuntza bikaina eraikitzeko eta bi hauetan oinarrituta ikasle bakoitzak behar duen egokitzapen indibiduala egitea. Eta horretarako lehenbailehen jarri behar dira eskolaren esku ezinbesteko baliabideak.

Beraz, eskola gure haur, ume eta nerabe guztiek behar duten eskola izateko: (1) oinarrizko prestakuntza bikaina eskaini behar zaie profesionalei, (2) ikasle guztien beharrei erantzutea ahalbidetuko dien etengabeko kalitatezko formazioa eman behar zaie, (3) ikasle bakoitzaren berariazko eskuhartzea ahalbidetuko duen ratioak ezarri behar dira, (4) premiazkoak diren mota desberdinetako giza baliabide espezializatuak eskolan bertan eskuragarri jarri, eta (5) behar bereziak dituzten ikasleen jarraipen indibiduala eraginkorra egitea ahalbidetzen duen antolaketa ezarri behar da.

Hau guztia gauzatzea eta legearen xedea betetzen dela ziurtatzea arduradun politikoei dagokie. Komunitate osoari dagokigu haiei behar hau esku artean dutela gogoraraztea eta aldaketak bultzatzea, eta horretarako elkartu gara gaur hemen.

Eskola indartzea ikasleak eta familiak babestea dakar bearekin, beraz komunitate osatzen dugun guztiontzako mesedetan ari gara lanean eskolaren beharrak aldarrikatzen ditugunean. Guztiontzako eskola orain!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide