Martxan dira herriko merkataritza eta lehen sektorea indartzea helburu duten Errekauek eta Nire Azkoitia zerbitzu plataformak. Gaur, osteguna, aurkeztu dituzte Berdura Plazan Azkoitiko Udalaren, Herrixen merkatari elkartearen, Dendarteanen, Urkomeren eta Iraurgi Berritzenen elkarlanetik sortu diren proiektuak. Herriko saltokiei nahiz azokako ekoizleei salmenta bide berriak garatzen laguntzea dute xede proiektuak. Ana Azkoitia alkateak, Xabi Aldalur Dendarteaneko teknikariak eta Sara Rodriguez Herrixen elkarteko teknikariak parte hartu dute aurkezpenean
Alkateak ireki du ekitaldia, eta hark adierazi du erosketak egiterakoan, "etxeko sofa tronu" eta "mugikorra munduko erakusleiho" bihurtu direla. "Bizimodua aldatu egin da, eta horrekin baita gure kontsumo ohiturak ere". Egun produktuak "ahalik eta esfortzu zein denbora-galtze gutxienarekin" eskura jartzea da haren iritziz garrantzitsuena, kontsumitzaileek gehien baloratzen duen gauzetako bat denbora dela jakitun. "Gauzak beti modu berean egiten badira, emaitza beti berdina izango da, eta horri buelta bat emateko asmoz aurkeztu ditugu Errekauek zerbitzua eta Nire Azkoitia plataforma".
Teknologia ekoizleen eta merkatarien "aliatu" dela adierazi du alkateak, eta horregatik, "martxan" jarri nahi dute herrian merkataritzaren eraldaketa digitala. Alkateak esan du "arrakastaren gakoa egiteko moduan" dagoela, eta Errekauek zerbitzua martxan jarrita hori ahalbidetuko dutela. "Egiteko eta saltzeko beste modu bat izango da, orain arteko eskaintza osatzera eta zabaltzera datorrena. Egungo eta etorkizuneko gizarteari hobeto erantzungo diona. Udalak bide horretan lagundu nahi du". Ekoizleei eta dendariei ere zuzendu zen alkatea, eta honakoa esan zien: "Produktua baduzue; txerta ezazue zuenean herriko etxe guztietara sar dadin".
Aldalurrentzat ere "oso pozgarria" izan da proiektuak aurkeztu ahal izateko eragile desberdinek orain arte egindako lankidetza. "Proiektuen atzean hainbat eragile daude, eta prozesua horren ondo joan izanak ilusioa ere pizten du aurrera begira bestelako proiektuak garatzeko. Garai berrietan bizi gara, jendeak erosketa ohiturak aldatu egin ditu, eta horretara egokitu egin behar dugu", esan du.
Rodriguezentzat ere "funtsezkoa" da errealitate berri horretara egokitzen hastea, eta martxan jartzera doazen proiektuak herritarrentzat eta merkatarientzat "oso mesedegarriak" izango direlakoan da. Rodriguezek esan du proiektuan parte hartzeak merkatarien artean "lankidetza giroa sendotzeko" balioko duela; saltokiek "ikusgarritasuna" irabaziko dutela, hala bezero berriak erakarriz; eta erakutsiko dutela merkataritza txikia “joera digitalarekin eguneratuta” dagoela, publiko gazteagoa eta konektatuagoa saltokietara erakarriz. Herritarrei zuzenduz, berriz, haientzako sistema "oso praktikoa" izango dela nabarmendu du, erosketak "oso modu sinplean" egin ahal izango baitituzte aurrerantzean.
'Errekauek', etxeraino
Herritarrei herrian kontsumitzea erraztea da Errekauek zerbitzuaren helburua, erosketak egiteko eta horiek jasotzeko modu berriak eskainiz. Aurrerantzean, herritarrek mugikorraren bidez eskatu ahal izango dituzte herrian egin ahal izateko erosketak, eta horiek etxetik mugitu gabe jasotzeko aukera izango dute. Datorren astelehenean jarriko dute martxan zerbitzua.
Honakoa izango da zerbitzuaren funtzionamendua: herritarrek 688 81 87 77 zenbakira Whatsapp mezu bat bidali edo deitu ahalko dute, herrian erosi nahi dutena zehaztuz; betiere herriko saltoki txikietako eta azokako ekoizleen produktuak eskatu ahal izango dira bide horretatik. Errekauek zerbitzuko lantaldeko kideek jasoko dituzte herritarren eskaerak, eta haiek kudeatuko dituzte eskaerak saltokiekin. Saltokiak eskaera prest duenean, berriz, banatzaileak eskaera dendatik edo azokatik jaso, eta hark herritarrak eskatutako puntuan entregatuko du. Herritarrek eskaera etxean, Berdura Plaza sarreran egokitu duten kontsignan –bi zutabe giro-tenperaturakoak dira, eta beste bi, hotzak– edota bestelako punturen batean jasotzea eskatu ahal izango dute, betiere Azkoitiko eremu barruan. Banaketak puntu konkretuetara eramateko auto elektriko bat erabiliko du banatzaileak, egunotan jasoko dutena. Dena den, aurrera begira badute triziklo elektriko bat eskuratzeko asmoa ere.
Whatsapp mezuaren bidez bezeroak urteko egun guztietan eta 24 orduz egin ahalko dute eskaera. Telefono dei bidez ere egin ahal izango dira, baina ordutegia murritzagoa izango da kasu horretan: goizez, 08:00etatik 09:00etara bitartean, eta arratsaldez, 15:00etatik 16:00etara egin ahalko dira telefono dei bidezko eskaerak.
Proiektuaren atzean dauden kideek, gainera, orientazio zerbitzua ere eskainiko dute. Alegia, eskaera egin nahi duen pertsonak ez baldin badaki non eskura dezakeen produktu konkretu bat, zerbitzu horretako arduradunek bideratuko dituzte. Gainera, posible izango da aldi berean eskaera saltoki bat baino gehiagotatik egitea.
Banaketa eta ordainketa
Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da martxan; astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 11:00etatik 14:30era bitartean jaso ahal izango dituzte herritarrek eskaerak, eta astearteetan eta ostegunetan, 18:00etatik 20:30era. Banaketa goizez egiten den egunetan, herritarrek 09:30ak baino lehen egiten badute eskaera, goiz horretan bertan jasoko dute eskatutakoa. Banaketa arratsaldez egiten den egunetan herritarrek eskaera 16:00 aurretik egiten badute, berriz, arratsalde horretan bertan jasoko dute eskatutakoa. Kontsignan jaso nahi dutenek, 06:30etik 21:30erako tartea izango dute, eta saltokian bertan jaso nahi dutenek, haren ordutegira egokitu beharko dute.
Ordainketa modua ere "erabat pentsatuta" dute, "erosotasun guztiekin". Eskatutakoa etxean jasotzean kreditu txartelarekin edota eskuz ordaindu ahal izango da. Dena den, zerbitzua erabiltzen dutenek "prezio sinbolikoa" ordaindu beharko dute; 50 zentimo ordaindu beharko da kontsignan jasotzeagatik, eta euro bat etxean edo puntu zehatz batean jasota. Dena den, zerbitzuaren bazkide egin eta urtean 50 euro ordaintzen dutenek doan izango dituzte garraio kostu guztiak.
Sare itxurako plataforma
Errekauek zerbitzuarekin lotuta dagoen sare sozial itxurako Nire Azkoitia plataforma ere aurkeztu dute. Merkatariei, ostalariei, azokako ekoizleei eta herriko bestelako eragileei herritarrekin komunikatzeko bidea zabaltzeko aukera ematea du helburu plataforma berri horrek.
Webgune irekia izango da Nire Azkoitia, eta lau atal ditu. Orain atalak, sare sozial itxura hartuko du; izan ere, merkatariek, ostalariek eta gainerako elkarteek beraiek argitaratutako berrikuntzak, sustapenak, berriak eta edukiak ikusi ahal izango dituzte nabigatzaileek; Ekitaldiak atalean, herrian izango diren kultur nahiz kirol eskaintzen berri emango dute; Di-da eskaintzak atalean, saltokien eskaintzen eta deskontuen berri jasoko dute herritarrek. Intereseko informazio puntuan, azkenik, garraio ordutegiak, intereseko telefonoak, guardiako farmaziak eta egunkari digitalak jarriko dituzte ikusgai.