Aste Santuko oporraldirako ikastaroak eta ekintzak antolatu ditu Gazteria sailak

Andoni Elduaien 2025ko mar. 18a, 10:53

Peluxeak egiten ikasteko aukera izango dute haurrek. (Pixabay)

Peluxe panpinak egiten ikasteko nahiz sukaldean trebatzeko aukera izango dute haurrek eta nerabeek, baita brikolajearen eta Robotikaren lantegien artean hautua egiteko aukera ere. Ikastaroetarako izen-emate epea ostegunean zabalduko da; aldiz, Abarketatxo ludotekako eta Artxamendi topalekuko ekintzetarakoa, datorren astelehenean.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak Aste Santuko oporraldirako ikastaroak eta ekintzak antolatu ditu haurrentzat eta nerabeentzat. Ikastaroen artean, peluxe panpinak egiteko ikastaroa, brikolaje ikastaroa, sormen lantegia, Robotika zein errealitate areagotuaren ikastaroa eta sukaldaritza ikastaroa izango dituzte aukeran LH1 eta DBH2 mailen artean ikasketak egiten ari direnek. Dena den, Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak ere ekintzak antolatu dituzte Pazko asterako.

Ikastaroetarako izena etzi, osteguna, irekiko dute, eta hilaren 30era bitartean egongo da zabalik Elkargunearen webgunean. Aldiz, ludotekaren eta topalekuaren ekintzetarako izen-ematea datorren astelehenean zabalduko da, eta Gizarte Zerbitzuen bulegora jo beharko da izena ematera. Gainera, Abarketatxoko ekintzetarako izen-ematea desberdina izango da bazkideentzat eta bazkide ez direnentzat; izan ere, hilaren 26ra arte bazkideek izango dute lehentasuna, eta hilaren 27tik apirilaren 2ra, bazkide ez direnek. 

Ikastaroei eta ekintzei buruzko informazio guztia, honako lotura honetan aurki daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide