Idiakez "ederra" izateko birgaitu dute

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2025ko mar. 12a, 11:00

Azken hamabost bat urteetan, iazko uda arte, aldamioek eta babes egiturek estalita egon da Idiakez Ederra eraikina. Eraberritzea amaituta, "ederra" bezain "dotorea" gelditu da eliz atariaren albo bateko eraikina herritarrentzat.

Idiakez Ederra birgaitzeko lanak amaitu samartu dituzte, eta horrekin arnasbide berri bat zabaldu zaio Azkoitiko eliz atariari. Aldamioak, hesiak eta obretako bestelako elementuak erretiratuta, XXI. mende hasieran baino itxura hobea du orain bai eraikinak, bai haren inguruak. Zer diote azkoitiarrek Idiakez Ederraren birgaitze lanei buruz? Kanpora begirako lanak amaitu dituztela aprobetxatuta, Gukak herritarren iritzia jaso nahi izan du.

Eraikinaren parean gelditu ditu Gukak zenbait herritar, eta zeharka hari begiratua eginda, "ederra" eta "polita" hitzekin lotu nahi izan dute haiek eraikina. "Ederra dago garai batekoarekin alderatuta", esanez hasi da herritar bat, eta "bestelako eliz atari bat dugu orain", dio beste batek. Kritikoago ere agertu dira, ordea, beste batzuk; batez ere eraikin horren bueltan egindako kudeaketaz. Honela azaldu dute bi lagunek: "Oso ondo gelditu da, merezi zuen aldaketa hori egitea. Dena den, aldamioak horrenbeste denbora iraun duenez, kostua ere handia izango zuela pentsatzen dut", azaldu du bietako batek. "Itxura polita du orain, baina iruditzen zait luze jo duela kontuak. Gertatu dena, gainera, korapilatsua izan da, eta zenbait pertsona kaltetuta atera dira kontu honetatik", adierazi du besteak.

Bide korapilatsua

Eta, ez da gutxiagorako, ez: hamabost urtetik gora behar izan dituzte Kale Nagusiaren eta eliz atariaren artean dagoen eraikin historikoa birgaitzeko. Hain justu, 400 urte baino gehiago ditu Idiakez Ederrak, 1619koa baita. Gainera, zailtasunak, luzakizunak nahiz haserreak sortu ditu askorengan Monumentu Multzo kategoriako Kultur Ondasun bezala izendatuta egoteak.

Azkoitiar gehienak bat etorri dira eraikina "polita" gelditu dela esatean

Historia luzea bezain trabatua izan du eraikinak azken 24 urteetan. 2001. urtean hasi ziren eraikin horren fatxadako lehen elementuak Kale Nagusira erortzen, eta, handik lau urtera, eraikina hondamendi egoerakoa izendatu zuten. 2008an, baina, oinezkoen segurtasuna bermatzeko proiektu bat eskatu zuten, eta horri erantzunez, herrian zeresan handia eman duen L itxurako aldamio bat jarri zuten 2009an. Hasiera batean etxejabeek ordaintzen zuten aldamioaren alokairua, baina gero udalaren esku gelditu zen haren ardura. Kostua handia zela jabetuta, baina, udalak eraikinaren beste balorazio bat eskatu zuen 2015ean, eta urte horretan bertan, kreditu aldaketa bat gauzatuta, udalak aldamioak erostea erabaki zuen. Herritar gehienak bat etorri dira aldamioek eraikina estali zutenean hura "itxuragabe", "lotsagarri" edota "egoera prekarioan" egon zela esatean.

Hori nahikoa ez, eta bestelako bidegurutzeak ere gainditu behar izan ditu eraikinak. 2017. urtean, jabeek udalari eman zioten haren jabetza osoa, eta urtebetera udalak eta Visesa sozietate publikoak bertan babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu zuten. Hitzarmena hankaz gora gelditu zen, ordea, 2020an; izan ere, Visesak bertan behera utzi zuen udalarekin zuen akordioa.

2009tik 2024ra aldamioek eta babes egiturek estalita egon da eraikina

Egoera zein zen ikusita, udalak bestelako irtenbide bat bilatu zuen: eraikina etxebizitza libreak egiteko saltzea erabaki zuen. Altuna y Uria, Campezo eta Teusa eraikuntza enpresek Aldi Baterako Enpresa Elkarte bat sortu, eta 2022ko martxoan eraikina erosteko proposamena aurkeztu zuten. Udalak etxebizitza libreak eraikitzeko hartu zuen erabakiarekiko kritiko ere agertu da azkoitiar bat. "Hasiera batean ez zituzten etxebizitza libreak eraiki behar, baina beti gertatzen den moduan, hemen diruak agintzen du", esan du.

Bi urte eta erdiko lanak

Eraikina 2022ko urrian hasi zen makurraldia gainditzen, orduan hasi baitzituzten hura zaharberritzeko lanak. Gainera, begi bistak iazko ekainean hasi ziren argitzen herritarren artean; izan ere, iaz kendu zituzten eraikina hamabost urtez estalita izan duten aldamioak eta eraikinaren egitura. Lanak hasi eta bi urte eta erdi eskasera, amaituta dituzte egin beharreko zeregin nagusienak; bai, behintzat, kanpoaldera begirakoak. Idiakez Ederrak hamasei etxebizitza izango ditu aurrerantzean, bi eta hiru logelakoak.

Behin emaitza ikusita, eraikinaren "kanpoko itxura" gustatu zaie gehien herritarrei. Herritar batek, gainera, "etxea erosteko kalkuluak egiten" aritu dela ere esan dio hedabide honi. Batzuek, orokorrean, eraikina osorik dute gustuko; "kanpotik begiratuta, dena gustatzen zait, ederra da bistarako", esan du herritar batek. Beste batzuk, ordea, zehatzagoak izan dira: "Ibai aldera duen galeria hori gustatzen zait gehien, alde horretara dauden bistak", adierazi du batek; "bistan dituen adreiluak eta arkuteria ditut gustuko", dio hurrengoak; eta "mantendu duten lehengo era", beste batek.

2022ko urrian hasi zituzten eliz atariko eraikina eraberritzeko lanak

Eliz atariak eta inguruak hartu duen arnasa ere nabarmendu nahi izan dute herritarrek. Denen desioa aldamioak eta babes egitura kentzea zen arren, zenbaitek aitortu dute horiek erretiratu osteko egoerara "ohitzea kostatu" egin zaiela. "Horrenbeste urtean ohitu ere egin gara inguru honetan itxitura bat izatera", esan du batek. Dena den, plaza "ederra eta dotorea" gelditu dela diote gehienek, eta eliz atariak nahiz inguruak "denean irabazi" dutela, batik bat, espazioan. Honela sakondu du erantzuna herritar batek: "Argazkiak-eta ateratzen ibili ohi naiz, eta nire argazkien atzealdeetan guztiz hondatutako eraikin bat agertzeak barruak mugitzen zizkidan. Orain, dotore gelditu da". Azokako saltzaileekin oroitu denik ere bada herrian. "Eskertuko dute zapatuetan azokako postuak jartzen dituzten saltzaileek". Nolanahi ere, herritar denek diote ingurua egonerako nahiz egunerokorako "txukun" gelditu dela. Eraikinaren beheko lokala jubilatuen elkartearen egoitza izatera bideratuko zuela ere aurreratu zuen udalak, eta horri buruz galdera egin nahi izan du batek: "Entzuna dut jubilatuen elkarteak egun duen egoitza baino txikiagoa dela erakinaren beheko lokala. Horren inguruan udalak zer asmo duen jakin nahiko nuke".

XVII. mende hasierako jatorrizko eraikinaren itxurarik ez badu ere, aldamioetatik eta trabetatik libre, Idiakez eraikina eta haren ingurua eder daude berriro azkoitiarrentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide