Antzerkia, txotxongiloak eta animaziozko zinema uztartuko ditu 'Estela eta Merlin' ikuskizunak

Andoni Elduaien 2025ko mar. 13a, 08:34

'Estela eta Merlin' Ikuskizuneko irudi bat. (Imakinario)

Igandean, 17:00etan hasiko da ikuskizuna Baztartxo antzokian. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 3 eta 5 euro artean. Gukak ere gaur eguerdira arte du bazkideentzako sarreren zozketa zabalik.

Igandean, Imakinario konpainiak Estela eta Merlin ikuskizuna aurkeztuko du Baztartxo antzokian, 17:00etan hasita. Familia osoari zuzendutako antzezlana eskainiko dute, baina emanaldiak txotxongilo saioa eta animaziozko zinema uztartuko ditu. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko Entradium atarian, 3 eta 5 euro artean.

Estela Merlin magoaren ikaslea da, eta biak arduratzen dira astroak nahiz gaua zaintzeaz. Bat batean, izarrek ezkutaketan jolastea erabakiko dute, guztia hankaz gora jartzea. Hala, bi lagunek egoera konpontzea erabakiko dute. Gainera, garrantzi handia duen zeregina da; arazoa konpontzea lortuz gero, Estela azkenean Mago Eskarlata bihurtu ahal izango delako.

Estela eta Merlin magoek bidaia hasi ahal izango dute izarrak bilatzeko. Hala, bidean ikus-entzuleekin partekatuko dituzten hainbat abentura biziko dituzte. Irudimenaren eta mugak gainditzeren ahalmenari buruzkoa da historia, hainbat hizkera artistikoen bitartez kontatua.

Zozketa

Gukak, Azkoitiko Udalaren Kultura sailaren bidez, bi sarrera bikoitz ditu parte hartzen duten bazkideen artean zozkatzeko. Bazkideek gaur 12:00etara arteko epea dute zozketan parte hartzeko. Honako lotura honetan eman daiteke izena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide