Isidro erretegiaren eta Ipiñarrietaren arteko idi apustua izango da igandean

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 11a, 09:05

Azkoitiko Gureako probalekuan iaz jokatutako idi apustu bat. (Ibon Errazu)

Gurea pilotalekuko probalekuan izango da apustua, 19:00etan hasita, eta 3.000 euro egongo dira jokoan. 

Idizaleek galdu ezinezko hitzordua dute igandean, Gurea pilotalekuan. Azkoitiko Isidro erretegiak eta Urretxuko Ipiñarrietak idi apustua jokatuko dute 19:00etan hasita. Ipintza harriari tiraka, ahalik eta plaza gehien egitea izango dute helburu, eta irabazten duen idi parearen jabeak 3.000 euroko poltsikoratuko ditu. Isidro erretegiaren idiak Olarrea eta Alegria itzainekin ariko dira plazan; Ipiñarrietarenak, berriz, Ipiñarrieta berarekin eta Telleriarekin. 

Igandean bertan egingo dituzte pisaketak, 09:00etan, eta 1.140 kilotan sartu beharko dute idi pareek; hortik gorako kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga ezarriko diete. Probalekuaren garbiketa egiten 16:30ean hasiko dira, eta orduan egingo dute zozketa ere, zeinen idi parea aterako den aurrena erabakitzeko. Proba Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide