Garaipen banarekin agurtu du asteburua Anaitasunak

Ane Olaizola 2025ko mar. 10a, 10:07

Larunbatean, ligako partida bana jokatu zuten Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek; emakumeek 1-4 irabazi zioten Añorgari, eta gizonek 1-0 Aloña Mendiri.

Asteburu emankorra izan dute Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek ligako jardunaldiei dagokienean, garaipen bana eskuratu baitute gizonek zein emakumeek. Larunbatean jokatu zituzten partidak talde horiek, eta 1-0 eta 1-4 irabazi zituzten gizonen zein emakumeen lehen taldeek, hurrenez hurren.

Erregionalen Mailako sailkapeneko 16. postuan den Aloña Mendi taldea hartu zuten Txerloian azkoitiarrek, eta etxekoak nagusi izan ziren hasieratik, lehenengo minutuan aukera garbirik sortu ez bazen ere. Golik gabekoa izan zen lehenengo zatia, eta bigarrenean, gutxigatik ez zituzten sartu Aimarrek zein Pastrik; bien bitartean, Josue atezainak hainbat geldialdi egitea lortu zuen, eta partida amaierara iristear zela lortu zuten markagailua aldatzea; hain zuzen, 89. minutuan, jokoa ezker hegalera aldatu zuen taldeak, Espik baloia hartu, banakako jokaldia egin eta erdiratzen hasi zenean, bisitarien atzelarien batek bere atean egin zuen gola.

Partida irabazita, beste hiru puntu puntu batuta, sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatu da Anaitasuna, 35 punturekin. Datorren jardunaldia, berriz, Beti Gazteren aurka jokatuko du taldeak; sailkapeneko ondarrean da Lesakako taldea.

Euskal Ligako 25. jardunaldia jokatu zuten, bestalde, emakumeek larunbatean bertan. Añorga taldearen Rezola futbol zelaian jokatu zuten norgehiagoka, eta partida oparoa izan zen bisitarientzat: izan ere, lehia hasi eta 10. minutura, Mariak lehen gola egin zuen, Juneren atzelarien bizkarrera egindako pase baten ostean. Hain zuzen, June izan zen bigarren golaren protagonista, 23. minutuan hark eman baitzion bigarren gola Anaitasunari korner baten ostean. Markagailua 0-2 zela joan ziren taldeak atsedenaldira, eta handik bueltan, Añorgak partidako gol bakarra sartu zuen. Ordea, 72. minutuan, Kalarek atezainari izkin egin ondoren baloia sareetara sartzea lortu zuen, eta gutxira, bigarren gola sartu zuen jokalari berak, Mariak egindako jokaldi baten ondotik. Horrenbestez, 1-4 amaitu zuten partida Añorgak eta Anaitasunak, eta azkenaldiko joerari eutsiz, emakumeek "gol sorta" oparitu zieten beste behin zaleei.

31 punturekin, sailkapeneko 12. postuan da Anaitasuna, eta 26. jardunaldiko partida etxean jokatuko du, Real Sociedad C liderraren aurka. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide