Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorri zati bat itxiko dute astelehenean

Julene Frantzesena 2025ko mar. 7a, 16:01

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorri zati bat.

Astelehen goizetik ostegun iluntzera arte egongo da itxita bidegorria, araztegiaren eta Aginagako bidegurutzearen artean. GI-631 errepidearen sostengatze horma konpontzeko lanak tarteko itxiko dute bidea.

GI-631 errepidearen sostengatze horma konpontzeko lanak direla eta, Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorriaren zati bat itxita izango da astelehenetik ostegunera. Hain zuzen ere, 31,8 eta 31,9 kilometroen artean egingo dituzte lanak, araztegiaren eta Aginagako bidegurutzearen artean.

Astelehen goizean, 08:00etan, itxiko dute bidegorri zatia, eta ostegunean, 18:00etan, zabalduko dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegorriaren erabiltzaileentzat, alternatiba gisa, Igaraberriko bidea erabilgarri dagoela gogorarazi du diputazioak; araztegiaren atzean, Igaraberri baserria eta Etxeberri lotzen dituen bidea, hain zuzen ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide