Inguruko mendien natura eta historia mantentzeko, berreskuratzeko eta gizarteratzeko helburuz, Irukurutzeta fundazioa hainbat lan egiten ari da 2021. urteaz geroztik, eta hainbat esku hartze egin ditu izen bereko mendian, baita ondoan dituen Karakaten, Kortazarren eta Agarreburun ere. Berriki beste bederatzi hektarea erosi ditu fundazioak Irukurutzetako eta Agarreburuko lurretan, Irukurutzetaren gainean dagoen Arribiribilleta iruinarriaren inguruan. Erosketa berriarekin, fundazioak gaur-gaurkoz 53 hektarea ditu guztira bere jabetzan, bertan abeltzaintza estentsiboarentzako aproposa den naturagunea egokitu dezan, besteak beste.
Lurrak bereganatuta, garo sail eta ondoren pinudi ziren lursail gehienak zelai bilakatu ditu fundazioak azken urteetan, eta horrenbestez, animalien bizileku ere bihurtu ditu naturagune horiek. "Lehen ez bezala, gaur egun ardiak, behiak eta behorrak dabiltza lur horietan", esan du Julian Ezenarrok, fundazioaren sustatzaileetako batek. Ildo horretan, fundazioak 23 pottoka eta mendiko hainbat behor ere baditu gaur egun.
Zuhaitz autoktonoak ere landatzen dituzte larre horietan, eukaliptoaren ustiapenean oinarritutako baso ereduaren "mehatxuen" aurrean. Izan ere, bertako zuhaitzak berreskuratzea eta mantentzea ere bada fundazioaren beste helburuetako bat, eta horretarako pagoa, haritza, lizarra zein artea landatu izan dituzte. Hain zuzen, zuhaitzak "behar bezala" haz daitezen, urtean pare bat aldiz entresakak egiten dituzte fundazioko kideek. "Oso mendi gozoa da, eguzki lekua ere bai, eta horrenbestez, ote asko hazten da. Beraz, urtean bi aldiz gutxienez garbitu egin behar izaten dugu".
Julian, Martin eta Julen Ezenarro Bergarako (Gipuzkoa) Osintxu auzoko senideak dira fundazioko kideak, eta nagusiki horiek arduratzen dira lanak gauzatzeaz. Zatika egiten dute lan, baina etengabe. Izan ere, fundazioan hain lagun gutxi izanik, Julianek azaldu du asteko zazpi egunetan aritzen direla mendiko lan horiek egiten, oporrik egin gabe: "Astero toki zehatz batean aritzen gara, eta egunean bospasei ordu igarotzen ditugu mendian. Astebete igarotakoan, mendiaren beste zati batean egiten dugu lan".
Hark jakinarazi duenez, 6.000 eta 8.000 euro arteko aurrekontua du fundazioak urtean, eta hainbat enpresaren kolaborazioekin zein kredituen bidez gauzatzen dute proiektua. Modu horretara, gainera, mendia "salbatu" dutela ere azpimarratu du Julianek: "Elgoibarko eta Bergarako lur jabe askok eukaliptoa sartu dute azken urteetan, eta Irukurutzeta eta Karakate arteko zazpi kilometroko zatia hortik salbu geratu da. Inguruko mendizaleek mendi hau dute gozatzeko".
Ia hogei urteko lana
Juridikoki fundazioa duela lau urte eratu bazuten ere, Julian eta Martin anaiak aspalditik ari dira Karakate eta Irukurutzeta eremuan ildo horretan lanean. Julianek azaldu duenez, etxean "betidanik" izan dira mendizaleak, eta mendiarekin duten loturak eraman zituzten duela ia hogei urte lursailak erosten hastera. "Garai hartan, denean insignis pinua zegoen, eta zaila zen lurrak lortzea. Denborarekin, lehenengo hektarea eta erdi erosi genituen, eta han egurrezko borda bat egin genuen. Hiru pottoka ere jarri genituen". Lehen hazia ereinda, ezenarrotarrak 2008. urte inguruan hasi ziren hektarea gehiago erosten, hain zuzen, pinudiak gainbeheran hasi ziren garaian. "Orduan, lursailak erosteko eskaintzak iritsi zitzaizkigun. Lehenik garo sailak eta gero pinudiak ziren lurrak erosi genituen, eta 33 hektarea garbitzea lortu genuen Karakate eta Irukurutzeta artean".
Julianek gogoratzen duenez, sasoi hartan bereganatutako sailak "erabat hondatuta" zeuden, eta Martin anaiarekin batera, bien artean lortu zuten guztia garbitzea. Bi anaiak ere "adinean aurrera" zihoazela ikusita –69 eta 61 urte dituzte, hurrenez hurren–, berriz, jabetzan zituzten lur horien testamentua egin zien Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalei, gerora haiek zain zitzaten lurrak. Ordea, beste norabide bat hartu zuen bi anaiek hasitako ibilbideak, eta azkenean, fundazioa sortzea erabaki zuten. Sortzailearen arabera, berezia da Irukurutzeta fundazioa bera, ez dagoelako halako ezaugarriak dituen besterik.
Historiaren aztarnak
Mendia ez ezik, historia ere asko maite dute bi anaiek, eta pasio horrek ere bultzatu ditu eremu horretan lan egitera, jakitun baitira iragan luze bezain aberatsa duela langaitzat duten Karakatetik Elosua arteko hamabi kilometro inguruko mendi eremuak. "Zazpi mila urteko historia du ingurune horrek guztiak; neolitikotik hasi, eta 1937. urtera arteko historia lineala barnebiltzen du. Halakorik ez dago beste inon".
Mendizaleak gogoratu du itsas azpiko sumendiak egon zirela lur horien azpian, eta hain zuzen, itsas hondoan gertatu ziren erupzioen hondarrak gaur egun ikus daitezkeela oraindik Karakaten. Historiako beste hainbat gertaeraren arrastoak ere nabari dira mendi horietan, hala nola karlistaldienak zein Gerra Napoleonikoenak. "Euskal Herriko historia ia osoa mendi baten barruan dago".