Garaipenak ihes egin die asteburuan Anaitasunako talde nagusiei

Ane Olaizola 2025ko mar. 3a, 09:45

Anaitasuna, artxiboko irudi batean. (Anaitasuna)

Ligako partida bana jokatu zituzten Anaitasunako lehen taldeek larunbatean: Euskal Ligako emakumeek 3-5 galdu zuten etxean, eta gizonek bina berdindu zuten Zarautzen.

Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek ligako partida bana jokatu zuten larunbatean, eta gizonek zein emakumeek norgehiagokak irabazteko aukerak izan bazituzten ere, ihes egin zien garaipenak: Euskal Ligako emakumeek 3-5 galdu zuten etxean, eta gizonek bina berdindu zuten Zarautzen.

Sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Bizkerre taldea hartu zuen Anaitasunak larunbatean Txerloian, Euskal Ligako 24. jardunaldia jokatzeko. Partida seigarren minutuan zela, Enarak ateratako korner bat getxotarren taldeko jokalari batek bere atean sartu zuen gola, eta horrenbestez, Anaitasuna partidaren buruan jarri zen. Gutxira berretsi zuen Anaitasunak bere nagusitasuna, Arrik bigarren gola eman baitzion taldeari bederatzigarren minutuan, Juneren pase bat aprobetxatuta. Horrez gain, antzeko irudia errepikatu zen lehen zatiaren amaieran ere; izan ere, Junek beste pase bat egin zuen atzelarien bizkarrera, eta Arrik ez zuen aukera galdu baloia sarera bidaltzeko. 

Garaipen argia zirudiena, ordea, beste itxura bat hartzen hasi zen ordutik aurrera. Izan ere, atsedenaldira iristear zirela lehen gola sartu zuen Bizkaiko taldeak, eta horrenbestez, markagailua 3-1 zela joan ziren taldeak atseden hartzera. Bigarren zatian, berriz, Bizkerren gol zaparrada iritsi zen, lau gol sartu baitzizkion taldeak Anaitasunari. Azkenean, markagailua 5-3 zela iritsi zen partida amaierara, eta punturik eskuratu gabe, sailkapeneko 12. postuan jarraitzen du. Aste honetan, sailkapeneko ondarrean den Añorgaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Anaitasunako gizonen lehen taldeak, berriz, Zarauzko Asti futbol zelaian jokatu zuen Erregionalen Mailako ligari zegokion partida. Emakumeek ez bezala, behetik gorako bidea egin zuten haiek norgehiagokan, galtzen hasi zirela kontuan hartuta: 12. minutuan, lehen gola sartu zuen Zarautzek, eta partida ordu erdira iristear zela, berriz, bigarrena. Anaitasunak ere hainbat aukera izan zituen gola sartzeko, baina azkenean, markagailua 2-0 zela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere hainbat saiakera egin zituzten azkoitiarrek gol egiteko, eta azkenean, 70. minutuan iritsi zen esperotakoa; Zarautzen area barruko nahasmen momentu bat aprobetxatuta, baloia sarera bidaltzeko aprobetxatu zuen Oihanek. Hichamek, berriz, bigarren gola sartu zuen gutxira, eta aurrelariak markagailua berdintzea lortu zuen jaurtiketa gurutzatu baten bidez. 

Modu horretara amaitu zuten norgehiagoka Anaitasunak eta Zarautzek, eta puntu bat batuta, sailkapeneko 10. postuan da Azkoitiko taldea. Datorren partida etxean jokatuko du, 16. postuan den Aloña Mendiren aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide