Merkal Oinetakoak enpresan akordioa lortu dute, zazpi hilabeteko grebaren ondoren

Ihintza Elustondo 2025ko mar. 1a, 11:59

Merkal Oinetakoak enpresaren Azkoitiko denda. (Andoni Elduaien)

ELA sindikatuak jakinarazi du hitzarmena lortu duela zuzendaritzarekin. Hamasei urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, hobekuntzak lortu dituzte lan baldintzetan; batez ere, ordutegiari eta asteko atsedenari dagokienez. Sindikatuaren arabera, horiexek ziren langileen aldarrikapen nagusiak. 

ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, Merkal Oinetakoak enpresako gatazka amaitu da; izan ere, hitzarmen berria lortu dute, zazpi hilabeteko grebaren eta urtebeteko mobilizazioen ondoren. "Hamasei urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, ELAk hobekuntzak lortu ditu lan baldintzetan; batez ere, ordutegiari eta asteko atsedenari dagokienez". Sindikatuaren arabera, horiexek ziren langileen aldarrikapen nagusiak.

Akordioari esker, Merkal Oinetakoak enpresako langileek eguneratuta ikusiko dute 2009tik iraungita zegoen lan hitzarmena. Hitzarmen berria 2025 eta 2027 urteen artean izango da indarrean. ELAk grebalarien "iraunkortasuna" azpimarratu du; izan ere, zortzi dendetatik lau itxita mantendu dituzte lanuzteak iraun duen bitartean, eta beste bi denda lanaldi erdian izan dira zabalik. Sindikatuaren arabera, hori "funtsezkoa" izan da zuzendaritzak langileen aldarrikapenak negoziatzeko borondatea ager zezan.

ELAk positibotzat jo du akordioa, langileen eskaera nagusiak jasotzen dituela argudiatuta. Hain zuzen ere, lan egutegiak eta oporrak hobetzea lortu dutela dio sindikatuak. Zehazki, hamasei orduko lanaldi murrizketa lortu dute: bi astetik behin, larunbat arratsaldeetan lanik ez egitea; norberaren aukerako egun bat libre izatea; Aste Santuko larunbatetan lan egitea aukerakoa izatea, eta lan egiten duenak orduko plus bat kobratzea; ordaindutako lizentziak eguneratzea; eta dirua erabiltzeagatiko kalte ordainaren plusa aitortzea (esku diruarekin egindako eragiketetan sortutako ohiko akatsak konpentsatzeko helburuarekin, kalte ekonomikoa eragin baitezakete).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide