Ibarmiak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso du Euskadi Agenda 2030 sarietan

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 25a, 14:49

Ibarmia enpresa. (Ibarmia)

Jaurlaritzak 60 enpresari egin die aitortza, "Garapen Jasangarriko Helburuak beren jardueretan integratzeko erakutsitako konpromisoagatik". Errekonozimendua jaso dutenen artean dago Ibarmia. 

Eusko Jaurlaritzak  Euskadi Agenda 2030 sariak banatu zituen atzo aurrenekoz. Bertan, 60 erakunderen lana aitortu zuen, "Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) beren jardueretan integratzeko erakutsitako konpromisoagatik". Aipamena jaso dutenen artean dago Azkoitiko Ibarmia enpresa.

Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzak eta Agenda 2030ek bultzatutako sarien helburua da "GJHak enpresa kudeaketan integratzearen garrantzia sustatzea eta zabaltzea". Izan ere, jaurlaritzarentzat Garapen Jasangarriko Helburuak  "funtsezko elementuak" dira "lehiakortasun iraunkorrerako eta erakundeen konpromiso eraginkorrerako".

Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu zuenez, errekonozimenduek "helburu bikoitza" dute: "GJHen ezarpenean aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, haien jardunbide egokiak erreferentzia eta inspirazio izan daitezen beste erakunde batzuentzat; eta arlo horretan egindako ahaleginari eta lortutako aurrerapen-mailari publikoki balioa ematea".

Hiru sailetan banatuta egin dituzte aitortzak: Aurreratua sailean, Bidean sailean eta Konpromisoa sailean. Azken horren barruan egin diote aitortza Ibarmia enpresari. Aitorpen horiek lortzeko, erakundeek aurrerapen eta emaitza maila jakin bat dutela erakutsi behar dute. Horretarako, Euskalit Fundazioak ebaluaziorako online plataforma bat garatu du, eta behar duten erakundeei laguntzeko zerbitzua eskaintzen du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide