Anaitasuna futbol taldeko emakumeek hiru garaipen jarraian eskuratu ditu azken asteetan, eta sasoi betean daudela berretsi dute gaur jokatu duten partidan ere. Ugaoren aurka neurtu dituzte indarrak aurkarien futbol zelaian, eta aurreko astean bezala, gol festa izan da Emakumeen Euskal Ligako 23. jardunaldian ere, 3-4 egin baitute bi taldeek.
Partida hasi eta 20 minutuan, norgehiagokaren buruan jarri da Azkoitiko taldea, Aranbarrik gola sartu baitu area kanpoko jaurtiketa gurutzatuta. Ordea, gutxi iraun du gorritxoen pozak, bi minutura Ugaok markagailua berdintzea lortu baitu. Gutxira bigarren gola sartu du Bizkaiko taldeak, baina 36. minutuan, Anaitasunaren bigarrena iritsi da, Kalarek buelta erdian eginiko jaurtiketa ate barrura sartu baitu. Ez da jokalari horren partidako gol bakarra izan hori, eta bi minutu igaro direnean ere Kalarek ez du hutsik egin atezainaren aurrean. Oraindik partidaren lehenengo zatian, Arrik laugarren gola eman dio taldeari, eta horrenbestez, markagailua 2-4 zela joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, golik gabeko tarte luzea izan da, baina Ugaok bere hirugarrena sartu du partidaren amaiera aldera.
Dena den, beste garaipen bat eskuratu du Anaitasunako emakumeen talde nagusiak, eta beste hiru puntu poltsikoratu baditu ere, sailkapeneko hamabigarren postuan jarraitzen du, 28 punturekin. Datorren neurketa hirugarren postuan den Bizkerreren aurka jokatuko du Anaitasunak, etxean.
Punturik ez gizonek
Emakumeen Euskal Ligako taldeak ez bezala, garaipenik eskuratu ezinda jarraitzen du Anaitasunako gizonen lehen taldeak. Ohorezko Erregionalen 22. jardunaldia jokatu zuen taldeak atzo Zumaiakoren aurka, eta azkoitiarrek Zumaiako taldea hartu zuten etxean. Parekotasun handiko minutuak izan ziren hasierakoak, baina zortzigarren minutuan aurreneko gola sartu zuten aurkariek; Anaitasunak hainbat aukera izan zituen, baina golik sartu ezinik ibili ziren bi taldeak. Partidaren amaierara iristear zela, 89. minutuan, zumaiarrek bigarren gola sartu zuten, eta luzapenean, berriz, hirugarrena.
Punturik eskuratu gabe, sailkapenean koxka bat behera egin du Anaitasunak, eta bederatzigarren postuan kokatu da. Datorren astean Zarautz liderraren aurka izango du norgehiagoka.