Domusa Teknik ISBk Espainiako LF Challenge ligan sailkapenean atzetik datorkion taldea hartu zuen atzo arratsaldean Azkoitian, Tenerifeko Adareva. Abagune ona zirudien Luis Agirre Katxi-ren taldearentzat, Kanarietako taldearekiko aldea handitzeko eta zazpigarren postuan sendotzeko, baina ezin izan zuten halakorik lortu Iraurgiren emakumeek.
Gaizki ekin zion partidari etxeko taldeak, edo askoz hobeto kanpokoak, eta lehen laurdenaren emaitza erabakiorra izan zen gero. 9-16 izan zen estreinako laurden horren emaitza, eta zazpi puntuko abantailari zuku galanta atera zion Adarevak bukaerara arte. Etxekoak, aldiz, puntuetan gertu bai, baina kontrako emaitzari buelta eman ezinda ibili ziren. Partida oso orekatuan, 19-19, 21-20 eta 15-15 izan ziren gainerako hiru partzialak; horrela, 64-70 amaitu zen partida.
Azken bi jardunaldietan galdu arren, zazpigarren postuari eusten dio Domusa Teknik ISBk; neurketa bat gutxiago jokatu duen Adareva garaipen bakarrera du orain, hori bai. Datorren asteburuan Caceresen jokatuko du Iraurgik, LF Challenge ligaren 22. jardunaldiaren barruan.
Biele ISBk jai
Espainiako Bigarren FEB ligak ez dute jardunaldirik asteburu honetan eta, horrenbestez, Biele ISBk atseden hartu du.
Datorren zapatuan itzuliko da lehiara Iraurgiren gizonen talde nagusiak. Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan, goiko postuetan aurkari zuzen duen Archenaren kontra jokatuko du.