Sidenorreko batzordeko delegatuek eta Azkoitiko Udalean ordezkaritza duen alderdietako ordezkariek bilera egin zuten atzo, osteguna, udaletxean. Itsasaga auzunean kokatuta dagoen lantegian bizi duten lan gatazkaren berri ematera jo zuten delegatuek atzo udaletxera. Gainera, batzordea osatzen duten sindikatu guztietako ordezkariek parte hartu zuten atzoko bilkuran.
Sidenorrek azken urteotan izan duen bilakaeraren inguruan "kezka sakona" dutela azaldu zuten. "Enpresa batzorde gisa, lantegiaren bideragarritasunari, eskualdeko enpleguari eta plantillaren lan-baldintzei larriki eragin dieten gertaera batzuen lekuko izan gara. Urteetan zehar izan ez diren inbertsioek, ekoizpena pixkanaka murrizteak eta lan-baldintzak ahultzeak, erantzun zehatza ematea eskatzen duen ziurgabetasun egoera sortu dute", azaldu zuten. Egoera horren aurrean, "udalaren esku hartzea" eskatu zuten, enpresak Azkoitiko lantegirako dituen planak zein diren zehatz-mehatz jakin eta enpresaren jarraikortasuna bermatzeko neurriak har ditzaten.
Era berean, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko zuzendari nagusiarekin bilera bat egiteko ere eskatu zioten udalari, lantegiaren etorkizunari buruz dituzten kezken berri emateko eta enpresaren bideragarritasun plana zein den zuzenean jakiteko. "Enpresak eta erakundeek konpromiso argia hartu behar dute lan zentroaren jarraipena bermatzeko, lanpostu gehiago galtzea saihesteko eta gure eskualdeko industria sarea zaintzeko", azaldu zuten.