Itzulia Madariaga auzotik igaroko da aurten ere azken etapan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 13a, 13:13

Txirrindulariak, iaz, Aittola parean. (Iraia Oteiza)

Itzuliaren seigarren eta azken etapan igaroko dira txirrindulariak Madariagatik. Azken urteetan bezala, Azurki gaina egin ostean iritsiko da tropela herriko lurretara. Ordea, eskualdeko zenbait herri ere zeharkatuko ditu Itzuliak hirugarren etapan.

Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidearen xehetasun guztiak gaur, osteguna, aurkeztu dituzte txirrindulari proba ezagunaren antolatzaileek. Apirilaren 7tik 12ra egingo dute gizonen aurtengo Itzulia, eta azken urteetan bezala, Azkoitiko lurretatik ere igaroko da, Eibarren hasi eta amaituko den seigarren eta azken etapan.

Lastur aldetik iritsiko dira txirrindulariak Azkoitiko Madariaga auzora, aurrez Azurki gaina egin beharko dute-eta horiek. Nolanahi ere, tropela ez da herrigunetik pasatuko aurten, Azkarate gainera jaistean Elgoibar alderako bidea hartuko baitu lasterketak. 

Azken etapa horren aurretik ere izango da Itzulia eskualdeko errepideetan ikusteko aukera, ordea. Hirugarren etapan, apirilaren 9koan, Zarautzen hasiko da lasterketa eta Beasainen (Gipuzkoa) amaitu. 156 kilometroko ibilbidean, zazpi mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek; horien artean, Meaga, Santa Ageda eta Mandubia. Zarauztik abiatuta, kostako bidea hartuko du lasterketak, Zumaiaraino; handik Zestoa aldera hartuta, Arroatik Iraetara iritsi, eta han Meagako mendatean gora igoko dira, Aizarnazabalen zehar, Meagan behera Zarautzera itzultzeko, eta handik Aiara igotzeko.

Andazarraten behera utziko du eskualdea lasterketak, baina Tolosatik bueltan berriro itzuliko da Urola Kosta aldera pelotoia, etapako bi mendate nagusiak igotzeko, hain zuzen: Santa Ageda lehendabizi, Beizamara jaitsi aurretik; eta Beizamatik jaitsi eta Nuarbetik Matxinbentaraino joanda, Mandubia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide