Uda bitarteko kultur ekitaldien berri eman du udalak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 13a, 12:43

Ana Goitiak 'Katana' bakarrizketa saioa eskainiko du maiatzean. (Kutxa Fundazioa)

Ekainera arteko ikuskizunak eta antzezlanak zein diren jakinarazi du udaleko Kultura sailak. Guztira, zortzi hitzordu zehaztu ditu erakundeak, eta emanaldi guztietarako sarrerak salgai jarri ditu.

Udalak martxotik maiatzaren amaierara arte Baztartxon antzokirako antolatu dituen ikuskizun guztiak jakinarazi ditu. Guztira, askotariko zortzi hitzordu zehaztu dituzte, hala nola dantza emanaldiak, antzezlanak, kontzertuak eta bakarrizketa saioak. Gainera, hitzordu guztietarako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Entradium atarian.

Zortzi hitzordu horietatik hiru ezagunak ziren aurrez: Kimua dantza kolektiboaren Generorantz dantza emanaldia, Berdiniki zirku garaikidearen Leinu ikuskizuna eta Artedramaren Miñan antzezlana kasu. Dena den, beste bost ikuskizunen berri eman du orain udalak: Imakinario konpainiaren Estela eta Martin haurrentzako antzezlana, Olatz Zugasti musikariaren Hitzño bat erran eta, banua berhala birako kontzertua, Ttanttaka Teatroaren Heisenberg antzezlana, Ana Goitiaren Katana bakarrizketa saioa eta Xake Produkzioak konpainiaren Postdatarik gabeko gutunak antzezlana. 

Hona hemen martxotik ekainera arteko ikuskizunen egutegia eta horien inguruko azalpena:

Kimua dantza kolektiboaren Generorantz dantza emanaldia

Udaleko Berdintasun sailak Martxoaren 8aren bueltan antolatu du ikuskizun hau; hain justu, martxoaren 8an izango da emanaldi hau, 19:00etan hasita. Dantzaren bidez, gorputzaren mugimenduek gidatuta, pertsonek hartu ohi dituzten rolak edota ezarritakoak zein diren hautemateko parada eskainiko du ikuskizunak. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Imakinario konpainiaren Estela eta Martin haurrentzako antzezlana

Martxoaren 16an, igandez, 17:00etan eskainiko dute antzerkia, txotxongiloak eta animaziozko zinema uztartzen dituen haurrentzako ikuskizun honek. Estela ikaslea eta Merlin magoa dira, astroak eta gaua zaintzeaz arduratzen dira, baina bat batean guztia hankaz gora jarriko da. Sarrerak 5 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Berdinki zirku garaikidearen Leinu ikuskizuna

Martxoaren 22an, 19:00etan hasita, Berdinki konpainiak gurasotasunaren inguruko gogoeta intimoa egingo du gorputzen oreka desoreka jokoekin uztartuz. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Artedramaren Miñan antzezlana

Apirilaren 5ean, 19:00etan, Artedramak Ibrahima Balderen bizitzaren kronika aurkezten duen Miñan antzezlana taularatuko du Baztartxon. Baldek ahoz kontatutako istorioa Amets Arzallusek idatziz jaso zuen izen bera daraman liburuan, eta orain, Artedramak antzerkira egokitu du. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Olatz Zugastiren kontzertua

Maiatzaren 3an, 19:00etan, Olatz Zugasti musikariak Hitzño bat erran eta, banua berhala bere ibilbideko zazpigarren lana aurkeztuko du Azkoitian. Zugastik berezko bideari jarraitu dio bere azken laneko kantuetan, hainbat estilotatik datozen doinuez, erritmoz eta soinuez osatzen den musikarekin eta hitzekin. Besteak beste, gizartearen itzalez, irudipenez edo gezurrez harago begiratzen saiatu da. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Ttanttaka Teatroaren Heisenberg antzezlana

Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Ttanttaka Teatroak Heisenberg antzezlana eskainiko du Baztartxon. Simon Stephens autoreak gizakien arteko konexioa zeinen ziur-gabea eta komikoa izan daitekeen erakutsi nahi du antzezlanak. Fernando Bernuesen zuzendaritzapean arituko dira Ramon Agirre eta Naiara Arnedo aktoreak. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Ana Goitiaren Katana bakarrizketa

Udaleko Euskara sailak Euskaraldiaren barruan antolatu du maiatzaren 23rako (19:00) Ana Goitiaren Katana bakarrizketa. Goitia kazetaria eta umoregilea da, eta ETB1eko Biba zuek! telebista programan kolaboratzaile lanak ere egin izan ditu. Oharkabean pasatzen diren gauzetan jarriko du arreta hark, hala nola egungo musikan eta marketinean, sold outaren modan, gurasoak eta umeak kontzertuetan egotearen modan, matxismoan, lodifobian, eta, oro har, egunerokotasuneko gaietan. Sarrerak 8 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Xake Produkzioaken Postdatarik gabeko gutunak antzezlana

Xake produkzioak konpainiak bakarrizketa lagundu bat den antzezlana eskainiko du maiatzaren 24an, 19:00etan. Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hori inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabetetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu. Charlotez jantzitako pianista mutu baten laguntzaz, bere bizitzaren errepaso bat egingo du jasotako gutunak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte. Kepa Errasti da autorea eta Getari Etxegaraik zuzentzen du antzezlana. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Entradium atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide