Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen informazio eguneratua emango du Azkoitia Gukak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 13a, 10:12

Aizpurutxon aurreko fasean egindako lanak. (Andoni Elduaien)

Bi herri horiek lotzen dituen GI-631 errepidean aurreratzeko bi errei eraikitzeko lanak ari dira egiten. Errepide horretan trafiko mozketa ugari aurreikusten direnez, Azkoitia Gukak horretarako egokitu duen orrialde batean eskainiko du aldundiak emandako informazio eguneratua.

Gipuzkoako Foru Aldundia kilometro eta erdian ari da lanak egiten Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidean. Aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, bide segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin.

Errepide itxiera dezente izango direla aurreikusten dute erakundeek, eta bide horren gaineko informazio eguneratua emateko asmoz, Azkoitia Gukak Azkoitia-Urretxu errepidea izeneko orrialdea sortu du. Hain justu, aldundiak emandako askotariko jakinarazpenak jasoko ditu hedabide honek orrialde horretan, hala nola abisuak, errepidearen itxierak zein irekierak...

Nolanahi ere, erakundeek Whatsapp eta Telegram sare sozialen kanaletan emango dute informazio guztia. Informazio hori jaso nahi dutenek GI-631 Obra kanala bilatu eta harpidetzea besterik ez dute izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide