'Go!azen 11' kontzertua eskainiko dute etzi Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko ots. 13a, 08:49

'Go!azen 11' telesaileko protagonistak. (EITB/Go!azen)

Birritan eskainiko dute ikuskizuna antzezlan musikaleko aktoreek: 16:00etan eta 18:30ean. Dena den, bi emanaldietarako sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen dagoeneko. Entradium atarian eros daitezke, 8 euroan.

Etzi, zapatua, Go!azen 11 kontzertua eskainiko dute Baztartxo antzokian. Pausokak ekoiztutako antzezlan musikala Euskal Herriko hirietan eta herrietan zehar dabil azken asteetan, eta aste honetan Azkoitira iritsiko da. Aurreko lanetan bezala, musika, dantza eta kantua uztartuko ditu ikuskizunak. 

Ordubete inguruko ikuskizuna eskainiko dute telesaileko aktoreek Baztartxon, baina birritan emango dute. Aurreneko emanaldia 16:00etan izango da, eta bigarrena, 18:30ean. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen bi emanaldietarako; Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 euroan. Dena den, erabiltzaile batek, gehienez, sei sarrera erosi ahalko ditu.

Zapatuko ikuskizunaz

5 eta 14 urte bitartekoei zuzendutako ikuskizuna da Go!azen. Oraingoan, Basakabiko aldaketak izango dituzte hizpide. Maitane izendatuko dute udalekuko zuzendari berria. Aurten, gainera, omenaldi berezi bat egingo dute, eta hori antolatzeko, Leire izendatuko dute arduradun. 

Leirek argi du bere alaba Izarrek abestu behar duela galan, baina Maitane ez dago erabat ados erabakiarekin; izan ere, hark uste du ikasle denek eduki beharko luketela abesteko aukera. Nork abestuko du azkenean? Bitartean, Garazi Alaiari lagundu nahian ariko da, batez ere, Aner Basakabiko lorezain berria dela jakin ostean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide