Irungo hilketa matxistaren kontra elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 8a, 08:30

Atzo arratsaldean Azkoitiko plazan egin zuten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Itaiak deituta, eta Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, dozenaka lagun atera dira kalera aste honetan Irunen izan den hilketa matxista gaitzestera. Matxismoaren kontrako borrokara batzeko eta norberak bere aletxoa jartzeko deia egin diete herritarrei. 

Aste honetan Irunen izan den hilketa matxista gaitzesteko, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Azkoitiko plazan. Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, Itaiak deitu zituen herritarrak mobilizatzera, eta indarkeria matxistak bizirik jarraitzen duen bitartean behar diren protesta ekimen guztiak egingo dituztela berretsi zuten plazan bildutakoek. "Argi eta garbi diogu: ez dugu utziko eraso bat bera ere erantzunik gabe, eta erasotzaile guztiek aurrean izango gaituzte".   

Irungoa urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da. 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen ostegunean, eta zauri horien ondorioz, ostiral goizaldean hil zen emakumea, ospitalean.

Biktimaren familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna helarazi ondotik, indarkeria matxistaren kontrako jarrera irmoa adierazi zuten Itaiako kideek. "Emakumeok egunerokotasunean sufritzen dugu indarkeria matxista, eta erailketak dira egiturazko biolentzia horren adibide muturrekoenak". Hori horrela izanik ere, matxismorik badenik ukatzen duten ahotsak geroz eta gehiago direla esan zuten, eta "diskurtso matxistak eta erreakzionarioak" oso azkar ari direla zabaltzen eta normalizatzen, bai instituzioetan, bai sare sozialetan, bai kalean.

Egoera "benetan kezkagarria" dela iritzita, "urgentziaz" erantzuteko beharra azpimarratu zuten. "Aste honetan bertan Itaiak egindako agerraldian argi utzi dugun moduan, emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu nabarmen areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan; guk horretarako konpromiso osoa hartzen dugu". Egoera "oso gordina" dela adierazi zuten, eta horren aurreran, ezinbestekoa dela posizionatzea. "Emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko hautua egin".

Horiek horrela, matxismoaren kontrako borrokan norberak bere aletxoa jartzeko deia egin zieten herritarrei, Itaiak horretan jarraituko duela ziurtatuta. "Datozen asteetan, martxoaren 8ra bitartean, erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan-baldintza eta eskubideen alde, zein emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka arituko gara lanean, kalean nahiz institutuetan, eta antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide