Ireki dute Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea

Andoni Elduaien 2025ko ots. 6a, 09:47

Aizpurutxon aurreko fasean egindako lanak. (Andoni Elduaien)

Birritan itxi eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du zabalik dela berriro GI-631 errepidea. Azkoitia eta Urretxu artean aurreratzeko erreiak eraikitzeko egiten ari diren lanek eragin dute itxiera.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea zabalik da berriz ere. Birritan itxi dute dagoeneko gaur, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, zabalik da berriro herri horiek lotzen dituen errepidea. Gune horretan egiten ari diren bigarren faseko lanek eragin dute itxiera gaur.

Hain justu, kilometro eta erdian ari dira egiten lanak, gutxi gorabehera. Fase horretan aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, bide segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin. Lanak 13,3 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dituzte.

Aurrerantzean ere halako errepide itxiera dezente izango direla aurreikusten dute erakundeek, eta horien berri Whatsapp eta Telegram sare sozialen kanaletan emango dute. Informazio hori jaso nahi dutenek GI-631 Obra kanala bilatu eta harpidetzea besterik ez dute izango. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide