Hitz bitan

Alina Akrul: "Nik emandakoa bueltan jaso dut Azkoitian"

Ihintza Elustondo 2025ko mar. 4a, 12:10

Alina Akrul eta bere alaba. (Utzitakoa)

Ukrainan jaio zen Alina Akrul (Kherson, Ukraina, 1990), baina herrialde horretako askok eta askok bezala, gerra tarteko, utzi egin behar izan du sorterria. Azkoitian bizi da egun. Otsaileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Zergatik lur hartu duzue Azkoitian?

Nire senarrak, ukrainarra den arren, Portugalgo nazionalitatea du, eta ezagutu ginenean, han bizi zen. Hori hala, ni ere Portugalera joan nintzen bizitzera, 2016an. 2019an, gure alaba jaio zen, eta gero, senarra Espainian hasi zen lanean. Lehenengo Madrilen egin zuen lan, eta 2020an, Euskal Herrian hasi zen. Ni alabarekin Ukrainara itzuli nintzen. Han bizi nahi genuen, baina, noski, gerra hasi zenean, bizitza guztia aldatu zitzaigun. Hori dela eta, Azkoitian bizitzea erabaki genuen, senarra Azkoitian ari zelako lanean ordurako; Gurelanen lan egiten du. Alaba, ahizpa, ama eta ni etorri ginen Azkoitira.

Zer egiten duzu hemen egunerokoan?

Ile apaindegi batean lan egiten dut iazko maiatzetik, estetizista gisa, manikura eta pedikura egiten.

Ukrainan ere lan bera egiten al zenuen?

Ez. Ukrainan ikastola batean lan egiten nuen; literaturako irakaslea nintzen.

Zuek bizi zineten lekuan asko eragin al zuen gerrak?

Bai. Gu bizi ginen zonaldea –Kherson– Errusiak inbadituta dauka orain, eta han bizi dira gure aita, amona eta osaba-izebak. Beste zonalde batean, berriz, lehengusua eta haren familia bizi dira, eta leku hura oraindik ez du okupatu Errusiak. Dena den, gerran jarraitzen dute.

Hara itzultzea nahiko al zenuke?

Ez. Nahiago dugu hemen gelditzea. Esaterako, ez daukagu Errusiako pasaporterik, eta beharrezkoa izango genuke gure herrira itzultzeko. Okupatu gabeko Ukrainako zatian oraindik bonba ugari ari dira erortzen, eta hara ere ez dugu joan nahi. Alabari behin galdetu genion ea Ukrainara joan nahi al duen bisitan, eta ezetz erantzun zigun. Hobeto gaude hemen.

Dena han utzi eta hona etortzea gogorra izango zen, ezta?

Bai. Han bizitzako proiektu bat geneukan, eta plan hori goitik behera erori zitzaigun. Goitik behera aldatu zaigu bizitza.

Zer moduz zaudete hemen? Gustuko al duzue Azkoitia?

Bai, asko gustatzen zaigu. Orain ondo gaude hemen. Lehen urtea nahiko gogorra izan zen; izan ere, gauza asko prestatu behar izan genituen bizitza hemen egin ahal izateko. Ez geneukan ezer, eta pixkanaka antolatu genuen guztia.

Ukrainar asko al dago Azkoitian?

Ukrainako lagun bat bizi da hemen; iaz etorri zen, amarekin, semearekin eta senarrarekin. Besteen berri ez daukat.

Euskaraz ba al dakizu?

Hitz batzuk bai, baina oso gutxi. Alabak bai, ikastolan ikasi du, eta euskara, gaztelania, errusiera, ukrainera... denak hitz egiten ditu. Oso pozik joaten da ikastolara.

Zergatik gustatzen zaizu Azkoitia?

Lehen-lehenik, ni bezalako jende asko dagoelako bertan. Asko lagundu didate, baina ez diruarekin eta; elkartasun handia sentitu dut. Bizitzeko etxe bat behar genuenean, emakume batek bere etxea saltzea nahi zuen, baina gure egoera zein zen entzutean, alokairuan utzi zigun. Eta han hasi ginen bizitzen. Horrez gain, alaba ikastolan hasi zenean, ama askok eman ziguten laguntza; azaldu zidaten hemengo hezkuntza nolakoa den. Gainera, aukera handia dute haurrek hemen: musika eskolara joan daitezke, gimnastika erritmikora, kiroldegira, igerilekura... Natura ere izugarri gustatzen zait; mendia eta itsasoa daude hemen. Oso pozik gaude. Izan ere, jende askok lagundu digu, eta bihotzez eskertzen diot haietako bakoitzari. Urrian ama hil egin zen, eta orduan ere, jende askok lagundu zidala sentitu nuen.

Zu ere jendeari laguntzekoa al zara?

Lagundu badezaket, beti saiatzen naiz bihotzez horretan. Eman dudana bueltan jaso dudala sentitzen dut Azkoitian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide