Mugikortasun jasangarriari buruzko hitzaldia eskainiko dute asteazkenean

Iraia Oteiza 2025ko urt. 31a, 12:21

Garraio eta hiri mugikortasunaren plangintzan eta modeloetan aditua den Iosu Ramirezek eskainiko du saioa, asteazkenean, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Besteak beste Azkoitia bezalako udalerri batentzat baliagarriak izan daitezkeen mugikortasun aukera berriak jorratuko ditu hark saioan.

Mugikortasun jasangarriak erronka handiak dakartzala, eta ekimenak eta irtenbideak martxan jartzea ezinbestekoa dela iritzita, Azkoitiko Udala Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana lantzen ari da, herriko joan-etorrietan auto pribatuak baino jasangarriagoak diren moduak sustatzeko. Testuinguru horretan, udalak, Ingurumen Mahaiarekin lankidetzan, mugikortasun jasangarriari buruzko hitzaldia antolatu du. Garraio eta hiri mugikortasunaren plangintzan eta modeloetan aditua den Iosu Ramirezek gidatuko du saioa, Inertziak, moda antzuak eta politika eraldatzaileak izenburupean. Hitzordua otsailaren 5ean izango da, asteazkenean, 18:00etan Elkarguneko Oteiza aretoan.

Ramirezek mugikortasun jasangarriaren aldeko argudio nagusiak azalduko ditu, eta Europako udalerrietan ezartzen ari diren eredu erreferenteen adibideak ere erakutsiko ditu. Era berean, Azkoitia bezalako udalerri batentzat baliagarriak izan daitezkeen irtenbideak jorratuko ditu hark asteazkeneko saioan. Udalaren arabera, herriaren etorkizuneko diseinuan herritarrak eta haien mugikortasun beharrak erdigunean jartzea izango da gakoa. Saioa gaztelaniaz eskainiko du Ramirezek, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide