Txalonerrekako obrei eta kale garbiketari lotutako izapide kontuak onartu ditu udalak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 30a, 11:39

Udal Gobernuak Azkoitia Bairen eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituen atzo udalbatzarrean jorratu beharreko bi puntu nagusiak. Muno eraikuntza enpresak Txalonerrekan eraiki nahi duen etxebizitza bloke bati buruzko xehetasun azterlana behin betiko onetsi zuen, baita kale garbiketa zerbitzuaren kontratua Serbitzu elkarteari esleitzea ere.

Izapide kontuak onartu zituen udalak atzo, asteazkena, egindako osoko bilkuran. Batetik, Muno eraikuntza enpresak Txalonerreka eremuko partzela batean eraiki nahi duen etxebizitza bloke bati buruzko xehetasun azterlana behin betiko onetsi zuen, eta bestetik, herriko kale garbiketa zerbitzuaren kontratua Serbitzu elkarteari esleitzea. EH Bilduren abstenitu egin bazen ere, Udal Gobernuak aurrera atera zituen bi puntu horiek.

Muno eraikuntza enpresak xehetasun azterlan baten bidez eskatu du Txalonerrekan eraiki behar dituen etxebizitza blokeetako bat partzela barruan desplazatzea. Ana Azkoitia alkateak adierazi zutenez, aurrez marraztuta zegoen eraikin bloke horretatik gertu gas tutu bat pasatzea aurreikusi dute, eta hoditeria hori libratzeko asmoz, aldaketa eskatu du eraikuntza enpresak. "Teknikoki eta juridikoki eragozpenik ez" diote ikusi, eta alde bozkatu zuten EAJko, Azkoitia Baiko eta PSE-EEko zinegotziek.

Ez, ordea, EH Bilduk, koalizio abertzaleak abstentziora jo baitzuen Txalonerrekako obra horiek "2006. urtean marraztutako herri eredu horren testuinguruan" kokatzen direla arrazoituta. "Gure irakurketa publiko egin dugu, HAPOaren inguruko irakurketa egin dugun bezala. Orain arte emandako ibilbidea zein izan den ikusita, abstentziora jotzea erabaki dugu", adierazi zuen Asier Altuna bozeramaileak.

Udal ordezkariak, bozketa une batean. (Andoni Elduaien)

Kale garbiketa kontratua

Kale garbiketa zerbitzuaren kontratua Serbitzu elkarteari esleitzeko puntuan ere abstenitu egin zen EH Bildu. Kale garbiketa zerbitzuaren eskumena udalena da 2016az geroztik, eta Azkoitiko Udalak Serbitzu elkarteari esleitu izan dio zerbitzua orduz geroztik, nahiz eta urte hartan onartutako kontratua amaituta egon. Orain, lau urteko kontratu berria izenpetuko dute bi aldeek, urteko kontratuaren prezioa, BEZa barne, 1.053.158 eurokoa izanik. Dena den, kontratua beste urte batez luzatzeko aukera izango dute.

EH Bilduk udalaren kudeaketa kritikatu zuen. "Azken kontratua 2016an egin zen; ia bederatzi urtez luzatu da. Kontziente gara aldundiak 2022an hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko bidea ireki zuela, baina eskumena udalena izanik, 2024ra arte kontratu berria adostu gabe egon da. Uste dugu ez dela kudeaketa ona egin kontu honetan". Era berean, Altunak adierazi zuen azken urteetan garbiketari lotutako "kritika ugari" egon direla herritarren partetik.

Alkateak erantzun zion hari, eta adierazi zuen garbiketarena "oinarrizko zerbitzu bat" izanda eta udalak Serbitzurekin kontratua bukatuta izanagatik, garbiketa enpresak "zerbitzua eskaintzen jarraitu" duela. "Herritarren kexak guri ez zaizkigu horrenbeste iritsi. Izan daiteke egunen batean lekuren batetik edo bestetik garbitzera ez igaro izanagatik kexak egotea", azaldu zuen. Gainera, Imanol Arrizabalaga Ingurumen zinegotzia Serbitzuko arduradunarekin "egun batean bai eta hurrengoan ere bai" harremanetan egoten dela esan zuen.

Euskaraldiari babesa

Udalbatzarra amaitu bezain pronto, lau udal taldeetako ordezkariek elkarrekin atera zuten Euskaraldiari babesa adierazteko argazkia. Herriek eta entitateek dagoeneko eman dezakete izena Euskaraldian, eta Azkoitiko Udalak egin du. Herritarrek, berriz, martxotik aurrera izango dute belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera. 

Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo den euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketa soziala da Euskaraldia, eta horren barruan egingo duten Euskaraldia Hika egitasmoarekin ere bat egin du udalak. Herritarrek martxoan eman ahal izango dute izena. Aurten, Elkar mugituz egingo dugu lelopean egingo dute Euskaraldia. 

Udal ordezkariak, atzo, udaletxeko bilkura aretoan. (Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide