Txalonerrekako partzela bati dagokion xehetasun azterlanaz arituko dira biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2025ko urt. 28a, 08:55

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Batetik, Txalonerreka eremuko partzela bati dagokion xehetasun azterlanaz arituko dira udal taldeetako ordezkariak, eta bestetik, kale garbiketa zerbitzua emateko kontratu esleipenaz. Guztira, sei puntu izango dituzte udal taldeek jorratzeko.

Azkoitiko Udalak ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena; urtarrilari dagokion batzarra egingo dute udalean ordezkaritza duten lau udal taldeetako ordezkariek, 18:00etan hasita.

Sei puntuko gai zerrenda dute bihar eztabaidatzeko. Batetik, Txalonerrekako partzela baten inguruko xehetasun azterlan bati dagokion behin betiko onespena eman edo ez aztertuko dute. Xehetasun azterlan baten helburua izan ohi da edozein lurzoru motaren antolamendua osatzea, eta hain justu, Txalonerrekako eremuan egin duten azterlana onartu edo ez erabaki beharko dute bihar udal taldeek. Bestetik, herriko kale garbiketa zerbitzuari lotutako kontratu esleipena onartu edo ez eztabaidatuko dute.

Hona hemen udalaren biharko udalbatzarreko gai zerrenda:

  1. Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.
  2. Azkoitiko 10 HE Txalonerreka ekialdea 10 sektoreko 10.3 subpartzelaren xehetasun azterlanaren behin betiko onespena.
  3. Azkoitiko kale garbiketa zerbitzua emateko kontratuaren esleipenaren onespena.
  4. Behin betiko onespenen berri ematea.
  5. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  6. Galde-erreguak.

Udalak bihar egingo duen ohiko osoko bilkura zuzenean jarraitu ahal izango da Azkoitia Gukaren webgunean, 17:55etik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide