Diru laguntza igotzeko hitzarmena sinatu dute UKTk eta udalak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 24a, 11:48

Ezkerretik eskuinera, Elustondo, Azkoitia eta Ostolaza. (Udala)

Aurtengo urterako udal aurrekontuetan jaso bezala, 55.000 euroko diru laguntza jasoko du Urolako Komunikazio Taldeak, iaz baino 10.000 euro handiagoa. Datorren urtean, 5.000 euro gehiago jasoko ditu UKTk, eta bi urte barru, aurten baino 10.000 euro gehiago.

Azkoitiko Udalak eta Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatiba elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur, ostirala, udaletxean. Erakundeak diru laguntza igoko dio UKTri, aurtengo urterako udalak adostutako aurrekontuetan jaso bezala. "Tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko xedez" ematen dio udalak laguntza UKTri.

Ana Azkoitia alkatea eta UKTko Ihintza Elustondo lehendakaria nahiz Uxua Ostolaza koordinatzailea elkartu dira goizean udaletxean, batetik, udalak hartutako konpromisoen berri kooperatibako ordezkariei zuzenean emateko, eta bestetik, kooperatibak etorkizunera begira dituen helburuez eta erronkez solasteko.

Azken urteetan, Azkoitiko Udalak 45.000 euroko diru laguntza eman dio kooperatibari. 2025erako adostutako aurrekontuetan jasota bezala, ordea, aurten 10.000 euro gehiago jasoko ditu UKTk. Halaber, datozen bi urteetara begira udalak "konpromisoa" hartu du urte bakoitzean 5.000 euroko igoera ezartzeko. Alegia, 2026. urtean, 60.000 euroko laguntza bideratuko dio erakundeak euskarazko hedabide taldeari, eta 2027an, laguntza 65.000 eurokoa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide