Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak Ahalduntze Ikastaroak prestatu ditu beste behin, eta udaberrira artean zazpi ikastaro eskainiko ditu. Interesa duten emakumeek otsailaren 3ra bitartean izango dute izena emateko aukera.
Haurdunaldiko yoga ikastaroa, erditu ondorengo yoga ikastaroa, Hitz-ahalduntzen, xilografia, Berdintasun puntadak ematen, Elikadura eta ohitura osasungarriak menopausian eta Gure behar emozionalak nola landu ikastaroak izango dira datozen hilabeteetan eskainiko dituztenak. Saioen inguruko informazio osoa lotura honetan aurki daiteke.
Azkoitiko Udalak gogoratu du ikastaroek, emakumeen ikuspegitik abiatuta, "hausnarketa eta partaidetza gunea" eskaintzen dutela, eta autonomia eta konfiantza lantzeko, bizipenak edo kezkak partekatzeko eta eskubideez jabetzeko topaguneak eskaintzea dute helburu.
Azkoitiko Udalaren Arretan Bulegoan edo www.azkoitia.eus atarian formulario bat beteta eman daiteke izena ikastaroetan. Prezioari dagokionez, berriz, soldatapeko herritarrek 20 euro ordainduko dute, eta ikasleek, langabetuek zein pentsiodunek, 15 euro. Informazio gehiago, berriz, 943-54 20 14 telefonora deitu edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezu bat idatz daiteke.