Etxebizitza "lehen mailako arazoa" dela aldarrikatuko dute biharko Isilune Zirkuluan

Andoni Elduaien

Elkarretaratze bateko irudia. (Isilune Zirkulua)

Urte berriko aurreneko elkarretaratzea egingo du Isilune Zirkuluak bihar arratsaldean. Etxebizitza izatea "eskubide bat" dela azpimarratu dute, eta "ez espekulatzeko ondasun bat".

Azkoitiko Isilune Zirkuluak urteko lehen elkarretaratzea egingo du bihar, osteguna, herriko plazan. 20:00etan hasita, etxebizitzarena "lehen mailako arazoa" dela salatuko dute zirkulua osatzen duten elkarteetako eta taldeetako dozenaka ordezkarik nahiz herritarrek. Loiolako Jesusen Lagundiak deitu du biharko elkarretaratzea.

Isilune Zirkuluko ordezkariek nabarmendu dute etxebizitza izatea "eskubide bat" dela, eta "ez espekulatzeko ondasun bat". Hori horrela, agintarien "interes eza" salatuko dute bihar, horiek "etxebizitzaren gaiari behar besteko lehentasuna ematen ez" diotelako eta horren inguruan "plangintza egokirik ez" dagoelako. Era berean, etxebizitzaren arazoa planifikatzeko eta kudeatzeko modua "erabat berrikustea" eskatuko dute, baita etxebizitza hutsen zein gehiegizko alokairuen prezioaren gaiari eustea eta herritar guztiei "errolda erraztea" ere.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide