Urtaroei ongietorria, dantzan

Ane Olaizola 2025ko urt. 15a, 15:00

Etxe-Aitz taberna. (Ane Olaizola)

Duela hamarkada bat hasi ziren Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan guatekeak egiten, eta ordutik, urtaro bakoitzean antolatzen dituzte. Askoren "hitzordu finko" bihurtu dira.

Azkoitian askorentzat ezagunak dira Etxe-Aitzeko guatekeak, urtaroei ongietorria dantzan egiten baitiete taberna horretan. Ospakizun batetik hasitako dantzaldiek hamarkada oso bat bete dute dagoeneko, eta festara ateratzeko, hiruhileroko ostiral gaueko hitzordu finko bihurtu dira gazte eta batez ere heldu askorentzat.

Paola Epelde eta Elene Sarriegi ama-alabak dira tabernako arduradunetako bi, eta amak guatekea antolatzen hasitako bideari alabak heldu dio azken urteetan. Epeldek gogoratzen du, duela hamar bat urte, ospakizun puntual batetik abiatu zela pixkanaka finkatzen joan den dantzaldia. "Musikazale eta dantzazale handia den azkoitiar bati festatxo bat antolatzea otu zitzaion bere 45. urtebetetzea ospatzeko. Tabernaren atzealde osoa jendez bete zuen hark lagunartean, eta dantzan aritu ginen. Hain ondo atera zenez ospakizuna eta hainbeste gustatzen zaigunez dantzatzea, festa gisako hitzordu hari jarraipena ematea erabaki genuen, eta guateke moduan, urtaro bakoitzean antolatzen hasi ginen".

Etxeetan dantzarako egiten zituzten juntadizoek oihartzun handia bereganatu zuten 60ko hamarkadan, eta Etxe-Aitzen saiatzen dira guateke haiek zuten izaera mantentzen. Horregatik, bereziki zaintzen dute gau horretan entzungai izango den errepertorioa: "Dantzarako balio duen mota guztietako musika jartzen dugu: Raphael, The Rolling Stones, The Pretenders, Iggy Pop...". Gaur egungo abestiak ere entzun ahal izaten dira gau seinalatu horietan, baina batez ere lehengoei ematen diete tartea: "Norbaitek Huntza edo reggaetoia eskatzen badu, ezetz esaten diogu, guatekearekin ez datozelako bat. Edozein asteburutan taberna guztietan entzun daiteke musika mota hori, baina guatekeetan saiatzen gara dantzaldi horien esentzia errespetatzen; egia esan, etortzen den jendeak eskertzen du hori".

Abestiak ez ezik, hamarkada horren bueltan jaiotako belaunaldikoak izan dira, oro har, Etxe-Aitzeko guatekeez gozatu izan dutenak hasieratik, eta urte sasoi berria dantzan hasten duten bezero fidelak bereganatu ditu festak urtez urte: "Guatekeetara etortzen diren askok seme-alabak dituzte, eta horientzat, lagunekin kalean afaldu eta parrandara edo dantzara ateratzeko aitzakia izan ohi da. Hain zuzen, horregatik iruditu zitzaigun egokia urtaroka egitea, badakigulako guraso direnak edo belaunaldi horretakoak jada ez direla astero ateratzen kalera".

Negukoa, etzi

Bi tabernarien arabera, oro har, harrera "oso ona" izan ohi dute guatekeek, eta musika eta dantza artean, "giro polita" sortzen da. Sarriegik, gainera, azaldu du, helduak ez ezik, gazteak ere erakartzen dituela azkenaldian ostiral gau bereziak. "Asko guatekea noiz iritsiko zain egoten dira, harrigarria da jendeari zenbat gustatzen zaion".

Dena den, "boladak" ere egoten direla azaldu du Epeldek, guateke guztiek ez dutelako erantzun bera izaten; sasoiak berak baldintza dezake hori: "Udako eta neguko guatekeetan elkartzen da jende gehien. Udan, giroak bultzatu egiten du kalera ateratzera. Neguan, berriz, asko Gabonetako oporrak hartu berritan harrapatu ohi ditu dantzaldiak, eta horrez gain, enpresetako bazkari zein afariekin egokitzen da maiz", dio alabak.

Hain zuzen, negu sasoiko guatekea etzi egingo dute, joan den hilean ezin baitzuten antolatu. Ohi baino beranduago izanda ere, hotza gainetik kendu eta gorputza dantzan jartzeko aukera izango dute hara bertaratzen direnek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide