Erretratua

Angel Rocha: "Premiazkoak dira koherentzia, kontrastea eta ikuspegi profesionala"

Naia Arrizabalaga 2025ko ots. 24a, 16:22

Angel Rocharen erretratua. (Gorka LarraƱaga)

EHUn Kazetaritza ikasketak egin ostean ekin zion kazetaritza ibilbideari Angel Rochak, eta Maxixatzen Euskaldunon Elkartean zein EITBko albistegietan eman zituen lehen pausoak. Ondoren, komunikazio arduradun gisa hasi zen Hazi fundazioan, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du.

Angel Rocha (Azpeitia, 1976) komunikazio arduraduna da Hazin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko fundazioan. Lehen sektorean, landa ingurunean, kostaldean eta elikagaien industrian lan egiten du fundazio horrek, lehiakortasuna, jasangarritasuna eta berrikuntza bultzatzeko, eta hainbat jardueraren artean, Eusko Label zigilu ezaguna kudeatzen du. Hain zuzen, fundazioa sortu zutenetik ari da azkoitiarra Hazik dituen proiektuak gizarteratzen.

Etxean sortu zitzaion Rochari komunikazioarekiko zaletasuna, gaztetan joera handia baitzuten hark irratia, telebista zein prentsa kontsumitzeko. Hori horrela, zalantzarik ez zuen izan unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaian, eta EHUn Kazetaritzako gradua ikasi zuen 1994tik 1999ra bitartean. Lehenengo ikasturtearen oroitzapen garratza dauka Azkoitiko bizilagunak, "oso gogorra" egin baitzitzaion. Hala ere, gainontzeko urteak onak izan zirela azpimarratu du. EITBn hasi zuen ibilbidea; albistegietan praktikaldia egin zuen, eta ondoren, gradua amaitu ostean, 1999an, ordezkapenak egiten hasi zen komunikabide publikoan: "Ordezkapen soilak egiten nituen hasieran, eta udan, Gabonetan zein Aste Santuan aritzen nintzen; ondoren, ordezkapen luzeak egiten hasi nintzen". 2004ko otsailera arte aritu zen hura albistegietan lanean, eta orduko egoera asko ditu gogoan kazetariak: Euskal Herriko gatazka politikoa, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak... Gaur egun Azkoitia Guka den Maxixatzen aldizkarian ere aritu zen lanean, 1996. eta 2004. urteen artean, hain zuzen. Aldizkaria sortu eta gutxira egin zen hura Maxixatzen elkarteko kide, eta gogoan ditu boluntario lanean aritu zen urte haiek guztiak: "Maxixatzen auzolana zen, boluntario egiten genuen lan, eta asko ikasi genuen". EITB zein Maxixatzen berarentzat "eskola" izan zirela nabarmendu du hark.

Ordea, 2004an lanpostua aldatzea erabaki zuen kazetariak, erabaki "zaila" izan bazen ere. Izan ere, gogoan du lanpostu berria eskaini ziotenean telebistan gustura zegoela lanean, baina hainbat zailtasun ere bazituen lanbide horrek: "Telebistan aritzeak ordutegi oso desberdinak izatea eskatzen zuen, baita asteburuetan lan egitea ere; orduan nuen bizimoduarekin ez zen oso bateragarria hori". Hori kontuan izanik, aukera berriari baiezkoa eman zion, eta Kalitatea fundazioan komunikazio arduradun gisa hasi zen lanean.

Rocha, Balda plazan.

2012an, berriz, Hazi fundazioa sortu zuten Eusko Jaurlaritzak, Kalitatea fundazioak berak, IKTk eta Itsasmendikoi enpresak, eta hurrengo urtean, Rocha komunikazio arduradun moduan hasi zen lanean fundazio sortu berrian. Hain zuzen, hark azpimarratu du Hazi fundazioa sortzeak lan eremua asko zabaltzea eragin zuela: "Kalitatea fundazioan produktuaren komunikaziora mugatzen ginen, baina orain, lan eremu desberdinen komunikazioa egin behar izaten dugu".

Gaur egun, Eusko Labelen barruan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako hemeretzi produktu daude, eta azkenekoz izendatu dute berdela. Rocharen arabera, Eusko Labela duten produktuek bi ezaugarri izan behar dituzte: bertakotasuna zein kalitatea. Dena den, Eusko Labelek araudi tekniko bat jarraitzen du produktuek marka hori lor dezaten, produktuaren arabera, asko aldatzen baita bete beharreko ezaugarrien zerrenda. Arrainek, esaterako, honako ezaugarri hauek izan behar dituzte ezinbestean, komunikazio arduradunaren esanetan: freskura, tamaina, kolperik ez izatea eta kalitate maila handia edukitzea. Era berean, hark azaldu du produktuaren bertakotasuna "errazagoa" dela kontrolatzen, eta Eusko Labelek produktua sortzen denetik merkaturatzera arteko bideari jartzen diola arreta: "Katea gainbegiratzen duen lantalde bat dago, eta baserrietan, ustiategietan edota saltokietan egoten gara ezaugarriak betetzen direla ziurtatzeko".

Orain arteko ibilbidean, komunikazioaren bi aldeak probatu ditu kazetariak: informazioa ematea, batetik; eta informazioa sortu zein 'saltzea', bestetik. Hori horrela, Rochak argi du aurrez komunikabideetan egindako lana baliagarria izan zaiola gero komunikazio arduradun izateko, lanpostuz aldatu zenean, hobeto ulertu baitzituen hark komunikabideen nahia zein funtzionamendua.

Lan bakarrean, lan ugari

Rochak azaldu duenez, komunikazio arduradunak sormena behar-beharrezkoa du egunerokotasunean, eta ideia ugari izan ditzan, "giltzarri" du hark bere lan esparrutik atera eta pentsatzea: "Kukuherrira oinez joaten naizenean, ideia ugari otutzen zaizkit, sarri laneko erritmoa ere geratu egin behar baita pentsatzeko". Askotariko lanak egiten ditu hark egunerokoan: lantaldea koordinatu, komunikazio estrategiak pentsatu, Eusko Jaurlaritzarekin koordinazioa kudeatu eta babesletzen jarraipena egin, besteak beste.

Haziko komunikazio taldea bederatzi pertsonak osatzen dute, eta hiru egoitza nagusi ditu fundazioak: Arkautin (Araba) –egoitza nagusia–, Abadiñon (Bizkaia) zein Donostian. Abadiñon dauka lanpostua Rochak, baina lanak hala eskatuta, asko mugitu behar izaten duela dio. Era berean, Haziren komunikazio lantaldea lau atal nagusitan banatzen da, haren arabera: "Komunikazio korporatiboari dagokion talde bat dago, publizitatean pertsona bat, dastaketa zein kolaborazioetan beste talde bat, eta azkenik, dibulgazioan eta sentsibilizazioan jarduten du beste talde batek".

Hain zuzen, publizitateak garrantzi handia du Hazik bere komunikazioa zabaltzeko orduan, maiz ikusten baita Eusko Labelen zigilua Donostiako Zinemaldian, arraun ligan, goi mailako pilotan... Rocharen esanetan, hori "baliabide estrategikoa" da markak ikusgarritasuna lor dezan. Ildo horretan, babesletzen atzean komunikabideak egotea "interesgarria" dela azpimarratu du Azkoitiko bizilagunak. "Lau eta Erdiko Txapelketak Eusko Labelen izena darama, eta horri esker izendapena lortzen du gainontzeko pilota txapelketetan ere". Hori horrela, urtean zehar frontoietan "astebururo" markari erreferentzia egiteaz gain, EITBk publizitate espazioak eskaintzen dizkie.

Azkoitiko bizilagunak eguneroko jarduna du komunikazioa, eta argi dauka arlo horrek hainbat aldaketa jasan dituela azken urteetan. Duela urte batzuk, komunikabide gutxiago egon arren, horiek "fidagarriagoak" ziren, Rocharen arabera. Sare sozialek komunikazioan "gainbehera" eragin zutela uste du hark, horiek informazio faltsuari bide eman diotelakoan. Ordea, euskal komunikabideak hortik "salbu" daudela ere uste du Rochak, "gehienek fidagarritasuna" bermatzen dutelako. Komunikazio onaren gakoak zeintzuk diren ere argi dauka hark: "Koherentzia, kontrastea zein ikuspegi profesionala beharrezkoak dira". Gizarte gisa, informazio iturriak ondo kontrastatzea garrantzitsua dela dio hark, eta horren inguruan, gizarteak hausnarketa egin behar lukeela adierazi du.

Motzean

  • Adina: 48 urte.
  • Ikasketak: Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta Komunikazioa Erakundeetan aditu titulua du.
  • Lanbidea: Haziko komunikazio arduraduna.
  • Komunikazio arduraduna ez banintz… hezkuntza arloan egingo nuke lan.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… etxekoekin zein lagunekin egotea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide