Soinu bandak

Ane Olaizola 2025ko mar. 4a, 09:16

Zetak taldea. (Zetak)

Ane Olaizola kazetariak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Soinu bandak.

Kaleetako bozgorailuak isiltzear dira, egunez egun, goizetik iluntzera, Din dan don, Hator Hator eta Olentzerori, Mari Domingiri eta hiru Errege Magoei eskainitako abestiak herritarren belarrietara sarrarazi ostean. Eta urtarrilarekin batera, itzaltzear dira bestelako doinu batzuk ere; azken urteetan Gukak herritarrei eskaini –eta eskatu– dizkienak, hain zuzen. Aldizkari honek argia ikusterako, amaitzear izango da Azkoitiarren doinuak herri komunikabidearen seriea, zeinetan dozenaka lagunek beren euskarazko abesti kutunenak partekatu dizkieten beste herritarrei: haurtzaroko oroitzapenak, gaztetako parrandak, orduko borrokak... Asko izan dira herritarrek abesti gogokoenak aukeratzeko izan dituzten arrazoiak; askotan, garaian garaikoak eraginda, gainera. Baina guztiek dute zerbait komunean: norberaren bizitzaren soinu banda osatzen dute aukeratutako abesti horiek denek, beste askoren artean, seguru asko.

Has gaitezke, Azkoitiarren doinuak serieak eman duenaren analisi modukoren bat egin nahian, gehienak Euskal Herrian sinbolotzat ditugun abestiez gogoratu direla esaten, estatistikarik egin gabe, asko eta asko izan baitira guztion gordailuan dauden Benito Lertxundiren, Mikel Laboaren eta Xabier Leteren abesti aski ezagunak gogora ekarri eta goraipatu dituztenak. Euskal herritarrok herriari himnoa jarri beharko bagenio, horietakoren batena izango litzatekeela esaten duen bakarra ez naiz ni. Ez dut, ezta ere, nik asmatu herri moduan kantu bat –edo hainbat– garenik: zer ginateke, egitasmo honetan parte hartu duten askok beren memorian duten moduan, hainbeste errepikatu diren Zea Mays, Hertzainak, Izaro, Berri Txarrak, Anari eta Tapia eta Leturiarik gabe? Errepertoriotik libratu ez den Zetakeko Pello Reparazek orain dela gutxi elkarrizketa batean oroitarazi du kantatzen duen herria inoiz ez dela hilko. "Kantuak salbatuko gaitu; herri bezala, badugu nondik tiratu". Ondoan du elkarrizketan beste klasiko bat, Erramun Martikorena, eta musika terapia zaiola adierazi du hark. Kantuak duen boterea komunitarioa bezain pertsonala da.

Dudarik ez:  kantuak duen boterea unibertsala bezain pertsonala da

Norberak bere bizitzaren soinu banda izanik, ziur naiz, besteena entzunda, batek baino gehiagok ere osatu izan duela barruan daramanaren lagina. Neu ere saiatu naiz horretan: umetan, Pantxoa eta Peioren konpainian egiten genituen autoko bidaiak; gaztetan, tabernan, Kuraiaren Egunsentian-ekin kanpoaldeko lehen argia entzun ere egiten genuenekoa; ez hain gaztetan eta iluntzean, besoetako umeari Ixil-ixilik behin eta berriz kantatzen nionekoa... Dudarik ez: kantuak duen boterea unibertsala bezain pertsonala da.

Inork gutxik uler lezake bizitza musikarik gabe. Segi dezagun beste urte batez soinu banda aberasten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide