Datorren larunbatean, hilak 11, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Bilbon, Sarek deituta. Azkoitiko Sarek hara joateko eta Azkoitira itzultzeko autobus zerbitzua antolatu du, eta horretarako izena Zurt tabernan eman beharko da bihar, asteazkena, baino lehen.
Larunbatean 15:15ean aterako da autobusa Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiko geralekutik, eta manifestazioa 17:00etan hasiko da, La Casillatik. Bilboko kaleetan "konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde egitera" deitu du Sarek.
"Azken hamar urte hauetan, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan dira Sareren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izango dira aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako", azaldu dute.